Orain, 2020-2021 ikasturtea amaitu zaigun une honetan, iritsi da balorazioa egiteko ordua, ikasi dugunaz eta ikasteko geratu zaigunaz hausnartzeko unea. Bide luze bezain zaila egin dugu elkarrekin ikasleek, irakasleek, familiek eta Debagoieneko hezkuntza publikoko komunitatea osatzen dugun eragile guztiok. Beti esaten dugu gure ildo pedagogikoan ikaslea dela zentroa, bera dela gure egiteko eta izateko protagonista. Ikasturte honetan, inoiz baino gehiago esan dezakegu gure ikasleak izan direla gure eskolen ardatza eta gure eredu.
Denok imajinatu dezakezue nolako ezjakintasun egoeran bizi izan dugun ikasturte hau, denbora guztian egokitu izan behar dugu, arau zorrotz ugari ezarri behar izan ditugu. Batzuetan, ulergaitzak iruditu zaizkigunak; askotan, ezerosoak –neguan leihoak zabalik izatea bezala–. Une hauetan guztietan ikasleen indarrak izan ditugu bidelagun, beraiek gai izan dira datorrenari aurre egin eta egokitzeko, eta ez bakarrik protokoloak ezartzen zituen arauetara moldatzeko: haurrek eta gazteek proposamenak egin dituzte eta helduok ikusten ez genituen bide berriak irekitzeko gai izan dira.
Mundu mailako pandemia egoera bizitzen ari gara, eta ezin dugu pentsatu hau amaitu denik. Oraindik ere COVID-19ak sortutako pandemiagatik hartutako hainbat neurrirekin bizi beharko dugu, eta epe motzean, behintzat, eskolan hartutako neurriak mantendu egin beharko ditugu. Moldatzen ikasi behar izan dugu, eta, alde horretatik, ikasleak izan dira aldaketetara egokien moldatu direnak. Egoeraren larritasunaz ohartu eta eskolan eskatu dizkiegun neurrien garrantziaz jabetu direnak. Askotan helduei betetzea zailak egiten zitzaizkigun neurri horiek betetzearen beharraz jabetzen zirenak.
Behin eta berriz aipatzen da gure ekintzak gure hitzak baino adierazgarriagoak direla, esaten dugun horrek baino egiten dugunak duela haurrengan eta gazteengan eragin handiagoa. Bada, pentsa dezagun helduek izan dugun jarreraz pandemia honetan: une askotan kexu izan gara, geneukan egoera berria ulertzen ez genuelako. Osasun eta Hezkuntza sailetatik plazaratzen zituzten neurriak kuestionatzen genituen etengabe, ondoren bete egiten bagenitu ere. Haurrek eta gazteek hori guztiori bizi izan dute eta gure ziurgabetasun eta ezjakintasun guztiak bikoiztu egiten dira beraien buruetan. Haien eredu izan behar dugunok ez dugu, askotan, nola jokatu jakin izan.
Baina eskolak lortu du eremu eta neurri ahalik eta seguruenak ematea, eta ikasleek horren aurrean erreakzionatu egin dute. Ikasle horiek aurreko belaunaldi asko baino erresilienteago bihurtzen ari dira, etorkizunerako geroz eta prestatuago; azken finean, bizitzarako prest egongo den pertsona datorrenera egokitzeko gaitasuna daukana izango da, eta oraina aldatzeko eta hobetzeko gai dena.
Bizitzarako irakaskuntza bat den egoera hori hezkuntzaren bitartez bizi izan dute. Zailtasunez betetako une honetan guztiok aukera berberak izatea ahalbideratzen du eskola publikoak, eta egoera zaurgarrian dauden ikasleek, familiek, eskolaren laguntza behar dute, ikasleek dauzkaten gaitasun horiek erakusteko eta garatzeko.
Haurrek eta gazteek behar-beharrezkoa daukate beraien bizitzaren protagonistak izatea, eta hori da jarraitu behar den bidea. Guztiei aukerak ematea eta erabakiak hartzen ikastea da eskolan irakatsi dezakegun arlo garrantzitsuenetako bat. Hitzez sinplea dirudien horrek heziketaren alo guztiak ukitzen ditu. Gure haurrei eta nerabeei ate guztiak irekiak mantendu behar dizkiegu, eta, beraiek protagonista izanik, azaleratuko dituzte barnean dituzten dohain eta gaitasun handienak. Azken finean, mundua eraldatzeko daukaten gaitasuna, beraiek baitira gure oraina eta etorkizuna.
Horregatik guztiagatik, eskerrak eman behar dizkiegu gure ikasleei ikasturte honetan eman diguten lezioarengatik.