Beñat Arzadun Olaizola Mundukideko langileak 15 urte egin ditu Mozambiken programaren arduradun gisa. Hona hemen izandako elkarrizketa interesgarria.
Beñat, zuk gertutik ezagutzen duzu proiektua. Zein da bertako egoera?
Oraintxe da urteko unerik garrantzitsuena. Une honetan Programako lankideak, nekazariekin batera uzta ahalik eta preziorik onenean saltzeko lanean ari dira.
Sesamoa da azken urteetan programak lagundutako laboreetan emaitza onenak ematen ari dena. Eta aurten prezio ona izaten ari da. 5.000 familiak 900 tona eta milioi bat euro pasako irabazia izango dute nekazariek.
Zer beste produktu ekoizten da?
Soja ekoizpena ere laguntzen du programak. Aurten 3000 familiaren ekoizpena oso ona izan da. Eta behin soja saldutakoan, baratzetan dagoen tipula eta babarrunaren uzta bildu eta salmentari helduko zaio.
Zenbat biztanle ditu Mozambikek?
30 milioi. 15 milioi lan egiteko adinean eta milioi bat pasak bakarrik dute lan kontratua eta soldata. Beste bi milioik autonomo eta gainontzeko hamabi milioiak nekazaritzan dihardute.Adibidez Niassa eta Cabo Delgadoko probintziatan nekazariak 200 euro irabazten ditu urtean. Horietatik 100 pasa etxean bertan egin eta jan den uztaren zatiari dagokio eta 75 bat hau edo bestea salduz lortzen duen dirua.
Zein da Mundukideren lana Mozambiken?
Nekazari familiekin elkarlanean, pertsonen bizi baldintza hobetuko dituen lanerako aukera berriak sortzea.
Aukerak sortu? Nola?
• Lehenik, eskari sendoa duten produktuak bilatzen dira. Alegia, zer egin ote dezake
nekazariak diru pixka bat behintzat emango diona?
• Ekoizpenerako laguntza teknikoa eskaini
• Pertsonen trebakuntza bermatu
• Formatzaileak identifikatu eta programarako kontratatu
• Komertzializazio sareak sortzen lagundu
• Etabar..
Hazi berriak eta trebatzaileen laguntzarekin bakoitzak bere soroak landu ondoren, uzta jasotakoan, nekazariak eta programa, elkarrekin ahalik eta salmenta onena egiten saiatuko dira. Beste leku batzuetan zenbatean saltzen ari diren aurkitu, nekazariei antolatzen lagundu eta erosleekin ahalik eta prezio onena negoziatuz.
Zer azpiegitura eta bitarteko ditu programak?
Mozambikeko lan-taldea 40 lagunekoa da. Hemengo 4 kooperante eta gainontzekoak Mozambikarrak. Nekazal kanpaina bakoitzera 150 trebatzaile( mozambikar nekazari adituak) inguru kontratatzen dira. Material aldetik, etxe eta biltegiak, auto eta motorrak, ordenagailuak eta eguzki panelak behar izaten ditu programak lana egoki egiteko.
Zenbat nekazarirekin ari zarete lanean?
Azken 20 urteetan 60.000 bat nekazarik parte hartu du Mozambike Programan. Gaur egun, Programatik pasatako nekazari gehienak programarekin ikasitakoarekin bere kabuz ari dira lanean, eta ditugun azken datuek ,urtero 8.ooo.ooo € inguru irabazten ari direla adierazten dute.
Aurten, 13.000 nekazarirekin ari gara lanean eta horretarako erabiltzen dugun aurrekontua600.000 €takoa da. Berriz, programaren babesari esker parte nekazariak 2.000.000 € baliodun uzta ari dira jasotzen eta komertzializatzen.
Hots urtero programak erabiltzen duen euro bakoitzeko era aktiboan parte hartzen ari diren nekazariek 3-4 euro irabazten dituzte, eta hori arrakastatsua da programarentzat.
Baina, programan parte hartu dutenek gehiago irabaztea lortzen badute ere, oraindik oso dirusarrera apalak dira, urtean 300 edo 400 euro. Eta oraindik beste milaka asko dira labore eta teknika berri horiekin hasi ez direnak.
Zer gehiago esan nahi duzu Beñat?
Harreman eta Mundukidek, uztailaren 20an Monterronen antolatu dugun kontzertua, Mozambikeko nekazariei (esatea gogorra bada ere) "miseriatik pobreziara" saltoa ematen lagunduko dien programa babesteko eta indartzeko erabili nahi dugu. Hau da, proiektua babestuko duten pertsona gehiago behar ditugu nekazal kopuru handienarekin lanean jarraitzeko. Izan ere, sarreratik jasotako 10 € ak festa ordaintzeko izango dira: Musika taldea, kartelak, bozgorailuak eta antolaketa lanak, etab… Horretaz gain, programa babesten duten bazkide kopurua handitzea eta horretara animatu nahi ditugu bailarako familiak.
Bataz beste, 5 pertsonako nekazal familia batek, urtebetean 200 € baina gutxiagorekin bizi beharra du, 150€ janaritan eta 50 bat dirutan.
Alderantziz, gu Arrasaten bizi gara, kontinente aberats batetako, eskualde aberats batetako herri aberats batetan. Arrasaten pertsonako eta urteko errenta 22.000 eurotakoa da.
Ea gure ekarpena, gure aberastasunaren eta Mozambikeko lanaren tamainakoa izatea lortzen dugun. Ea festarako hainbeste pertsona elkartu izanak Mozambikeko baserritarrei eta proiektuari benetako babesa emateko balio dute.