Nor da Afrikako emakumea?

Erabiltzailearen aurpegia Mundukide 2020ko mai. 25a, 14:28

Askotan entzun dugu Afrikaren etorkizuna emakumeen esku dagoela. Landan lan egiten ikusten ditugu, etxeak eraikitzen, azoketan barazkiak saltzen eta abar, eta ia beti haur bat bizkarrean eta beste bat oinetan dutela. Istorio hori ezaguna egiten zaigu, baina istorio triste gisa kontatzen da batez ere.

Izenik gabeko pertsona bat agertzen da behin eta berriz, leku desberdinean baina beti asmo berarekin: pobreziatik ateratzeko premia. Irudi horiek pertsona horren isla erreala dira, baina ez dira haren bizitza. Seguruenik egongo da gehiago kontaketan. Nor da emakume hori benetan? Nondik ateratzen du indarra, zerk bultzatzen du? Ba al du komunitaterik? Emakume askoren aurpegien atzean, askoz kontaketa esanguratsuago eta osatuago bat dago. Horregatik, mendebaldeko estereotipo bati erantzuten dioten narratiba horien aurrean, Chimamanda Ngozi Adichie idazle nigeriarrak "Istorio bakarraren arriskua" deitzen duen hori dugula esan dezakegu.

Irudi askotan, landa-eremuko emakumeak agertzen dira, eta, aldi berean, Afrikako hirien hazkunde dinamikoaren inguruko datuak iristen zaizkigu

Afrikako emakume bakoitzaren istorioa ulertzeko, zer testuingurutan gertatzen den ere kontuan hartu behar da: irudi askotan, landa-eremuko emakumeak agertzen dira, eta, aldi berean, Afrikako hirien hazkunde dinamikoaren inguruko datuak iristen zaizkigu. Hiri horietan, 472 milioi pertsona bizi dira gaur egun, eta NBE-Habitatek adierazi duenez, kopuru hori bikoiztu egingo da 25 urteko epean. Hiri-eremuari erreparatzen badiogu, Afrikako emakumearen irudi positiboa ikusiko dugu, Africa Rising narratibaren parte dena: negozio-emakumea, politikaria eta liderra, Ruandako parlamentuan ordezkatua (50/50), eta nazioartean ezaguna, esaterako, Phumzile Mlambo-Ngcuka, gaur egun NBE-Emakumeak erakundearen zuzendaria. Lasai esan dezakegu “azkenean, emakume afrikar bat!”. Izugarri atsegin ditugu, halaber, emakume aktibisten istorioak, hala nola landa-eremuko neska gajo bat izatetik Bakearen Nobel Saria jasotzera igaro zen Wanghari Mathaai-rena, ahoskaezina zenbaitentzat, ezaguterraza askorentzat. Eskertuta gaude Afrikako kontinente osoko emakume gazteen belaunaldi berrirako adibide bikainak eta eredu garrantzitsuak diren emakume harrigarri horiengatik.

Slumetan bizi diren emakumeak

Baina bada kontinenteko emakume gehienentzat errealitatetik askoz hurbilago dagoen egoera bat: slum-etan bizi diren emakumeen egoera, alegia. Hiri-kanpoalde horietan, Afrikako emakumeak –besteak bezain garrantzitsuak– egunero borrokatzen dira bizitza bat garatzeko. Emakume horiek hiri-inguruneetan bizi diren emakumeen % 70 dira. Slum eta aldiri horiek elkartu egiten dira eta Saharaz hegoaldeko Afrikako hiri handi guztiak inguratzen dituzte. Bizitza gogorra da bertan bizi diren emakume askorentzat. Asko ezkongabeak edo alargunak dira, edota familia-egoera txarrak utzi dituzte atzean landa-eremuko etxean. Beste asko familiaburuak dira. Lana barazkiak saltzen edo arropa garbitzen duten azoketan aurkitzen da nagusiki, eta horrek esan nahi du haurrak etxean geratzen direla beren anai-arreba nagusiekin, edo batere egokiak ez diren baldintzetan. Berriz ere, erraza izango litzateke azaleko interpretazio hori onartzea, baina hurbilagotik aztertzen bada ustekabeko ikuspegi harrigarri bat agertzen da, komunitatea sortzearen bidez askotariko zereginak betetzen hasi diren emakumeena. Komunitatea sortzeko eta sendotzeko prozesua tresna indartsua da, eta emakume taldeak sareak eta kooperatibak sortzeko mobilizatzea errazten du; haien bidez, beste batzuei laguntzen diete, mikrofinantzaketa baliatuta, negozioak hasten edota auzoak komunitate osoaren onurarako aldatzen. Ubuntuaren boterea: garelako naiz!

Emakume horiek dira mobilizatzen direnak, buru direnak eta inoiz amore ematen ez dutenak

Horren adibide bat Zimbabweko ZIHOPFE federazioa da, slumetan sortua eta emakumeek zuzendua. Gaur egun, nazio osoan zabaltzen ari da, eta, bertako Dialogue on Shelterren izeneko GKEaren laguntza teknikoari esker, tokiko gobernuetako eta oinarrizko komunitateetako ordezkariak bildu ditu mahai berean, auzoetako hobekuntza-planei buruzko gaiak eta, are garrantzitsuagoa dena, generoari berariaz lotutako gaiak lantzeko. Emakume horiek dira mobilizatzen direnak, buru direnak eta inoiz amore ematen ez dutenak. Beste adibide bat Wise Women izeneko emakume taldea da, Kiberako (Nairobi) slum ezagunean bizi dena. Talde horrek uraren arloan zuten egoera aldatzea erabaki zuen eta, bere komunitateetako agente- eta lidergo-lanak eginez, hornikuntza hobea ziurtatzea lortu du. Sakonago begiratuz gero, Afrikako slumetako emakumerik pobreenak ere berritzaile- eta enpresaburu-zeregina betetzen ikusiko genituzke. Teknologiak, telefono mugikorrari eta hainbat aplikaziotarako sarbideari esker, auzo marjinaletako emakume askoren bizitza irauli du; izan ere, orain negozioak sor ditzakete, finantzaketa eskura dezakete eta seguru egon daitezke gauez mugitzen direnean.

Garrantzitsuena da horren atzean itxaropenaren, harrotasunaren eta duintasunaren zentzu sendoa duen emakume bat dagoela, elkarri lotutako mundu globalizatu honetan betetzen duen lekuaren kontzientzia berria duena, eta horixe da bere pobrezia-egoerari aurre egiten dion emakume afrikar berria.

Askotan entzuten eta irakurtzen ez ditugun adibideak deskribatu ditugu. Afrikako emakume arrunt eta, askotan, pobrea, ahaldundutakoa, zailtasunak gorabehera, beste emakume batzuei gauza bera egiten laguntzen diena. Emakume horien istorioak erreplikagarriak dira, eta Afrikako emakume gehienak identifika daitezke emakume horiekin. Era berean, gizarte-eragile gisa diharduten emakumeak dira, beren komunitateen bizkarrezurra, eta beren auzo eta hirietan garapena bultzatzeko gaitasunak dituzte. Haiek ere emakume afrikar handiaren adibideak dira!

 Euskal Herrian bizi den Marcelle Mardon zimbabwetarrak Afrikaren Alde Taldearentzat idatzitako artikulua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak