MUNDUKIDE: 20 URTE JABETZEN

Erabiltzailearen aurpegia Mundukide 2019ko mai. 8a, 09:12

“Mundua ez zaigu eman konpontzeko, eraldatzeko baizik”. Arizmendiarrietaren esaldi honek ondo adierazten du Mundukide Fundazioaren hogei urteko ibilbidea.

1999an, kooperatibetan makina bat urtetan lanean aritu eta bailarako GGKEetan parte hartzen zuten hainbat pertsonak bultzatuta, Mondragon Taldeari ideia aurkeztu ondoren, erakundearen babesa jasota eman zitzaion proiektu berriari hasiera.

Printzipio kooperatiboak, eta hauen artean, hiru, batez ere:

  • Eraldaketa soziala. Beste herri batzuekiko solidarioa izanez, gizartea eraldatzeko borondatea. Berreraikuntza ekonomiko eta soziala lortzeko eta euskal gizarte aske, bidezko eta solidarioagoa taxutzea ahalbidetuko duen hedapen prozesuaren bitartez.
  • Interkooperazioa. Elkartasuna aplikatzeko eta enpresa eraginkortasuna lortzeko, lankidetza printzipioa honela garatu behar da: kooperatiben artean, dibisioen artean, Arrasateko esperientzia kooperatiboaren eta gainerako euskal kooperatiben artean, eta baita ere munduko gainerako mugimendu kooperatiboekin.
  • Unibertsaltasuna. Ekonomia sozialaren eremuan diharduten guztiekiko elkartasuna aldarrikatzen du, eta bere egiten ditu nazioarteko kooperatibismoaren berariazko helburuak: bakea, justizia eta garapena.

20 urte munduan zehar elkartasun kooperatiboa sustatzen: printzipio hauek oinarri hartuta, kooperatiben babesarekin, hasieran boluntarioekin bakarrik eta gero langileekin ere, erakundea hazten joan da. Horrela, 20 urtetan, 10 herrialdeetan  lan egin du Mundukidek, 250 pertsona aritu dira zeregin honetan langileak eta boluntarioak kontuan hartuta, hegoaldeko 300 elkarte baino gehiagorekin, eta 70 euskal kooperatiba baino gehiagoren laguntza jaso du. Elkarlan honen emaitzak, batez ere, hegoaldeko pertsonengan izan du eragina. Izan ere, 2018ko lanak 75.000 pertsonaren bizitzetan eragina izan zuen.

Egungo egoera: egia da azken 20 urte hauetan pobrezia gutxitu egin dela, baina, hala ere, indikatzaile ekonomikoen aurrerapauso positiboek ezin digute galarazi munduan gertatzen ari den balioen gainbehera ikustea, ezta dinamika horren ondorio larriak antzematea ere. Alde batetik, ezberdintasunaren handitzea gertatu da. Oxfam-ek gogoratzen duen moduan, biztanleriaren ehuneko batek biztanleriaren erdiak- 3.700 milioi pertsona- adina aberastasun dauka. Bestetik, krisi migratzaile sakona -258 milioi migratzaile daudela munduan estimatzen du Nazio Batuen Erakundeak; horietatik 50 milioi, umeak-. Eta, azkenik, aldaketa klimatikoa eta egunero nabarmenagoak diren bere eraginak.

Horren aurrean, aldaketak behar ditugu. Gizarte kontzienteago bat behar dugu, eta aldaketak sustatzeko prest dauden pertsonen eta erakundeen arteko elkarlana indartu. Eta bi lan nagusi horietan konprometitu da Mundukide hurrengo urteetarako.

Etorkizuneko erronka: alde batetik, Brasilen eta Mozambiken gure jarduera handitzeko konpromisoa hartu dugu. Bi herrialde horietan une kritikoak bizi izaten ari dira, baina gure lankidetza handitzeko apustua egin dugu. Gainera. Mozambikeko esperientzia  Malawira eramateko plangintza martxan jarrita genuen, eta Mozambikerekin mugan dagoen herrialdeak ere Idai zikloiaren ondorio latzak jasan ditu eta motibazio handiagoarekin ekingo diogu lanari. Afrikako hirugarren herrialdea izango delarik, Etiopian ere programa bat martxan jartzen ari gara.

Amerikan, Brasilez gain, Kolonbian ere berriro lanean asi gara eta hurrengo pausoa Ekuadorren emango dugu berriz, 20 urteren ondoren.

Bestalde, eta hain globalizatuta eta interkonektatuta dagoen mundu honetan, hegoaldean ez ezik gure gizartean ere aldaketak sustatzeko lanean hasi gara, eta horretarako, gizarte eraldaketarako, hezkuntzaren aldeko apustua egin dugu.

Gizarte eraldaketaren prozesuan, herrialde pobretuetako ikuspegia ematea da gure helburua. Gure eta beste errealitate batzuetako esperientziak elkartrukatuz, gizarte eraldaketa prozesuak kanpoko herrialdeen ikuspuntuekin osatzeko. Izan ere, eraldaketa prozesuetan munduaren ikuspegi globalaren lanketa ezinbestekoa dela uste dugu. Eta horretarako, Mundukideren bidelagun naturalak diren kooperatibekin, hezkuntza alorreko Mondragon Unibertsitatearekin eta Arizmendi Ikastolarekin arituko gara elkarlanean. Gure helburua, bazterkeria handitzen ari den garai honetan, ikasleak honako balio hauetan haztea da: elkartasuna, kulturartekotasuna, kooperatibismoa…

Aldi berean, hurrengo urteetan emakumeak indartzeko apustua egin nahi dugu, gure erakundetik hasita eta guk sustatzen ditugun programetan eta lan egiten dugun erakundeekin genero ekitatea indartuz.

Eskerrak: asko egiteko dago, baina lan handia egin dugu. Eta hori dena pertsona eta erakunde askoren konpromisoagatik izan da. Zuei denoi eskerrik asko.

Eskerrik asko sinesteagatik kooperatibismoa ez dela osoa nazioarteko elkartasunik gabe!

Eskerrik asko laguntzeagatik aukera berriez jabetzen, komunitateetako protagonistak jabetzen, tresna berriez jabetzen, jabetzen alternatiba sozioekonomiko eragileak, teknikariak eta boluntarioak jabetzen, arduraz eta ekarpenez jabetzen, kooperazio kooperatiboaz jabetzen, pertsona eta komunitateak jabetzen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak