Piroteknia

Erabiltzailearen aurpegia Malen Ugarte Irizar 2024ko mar. 9a, 00:00

Amaia Lasaren poema batek zera dio: Autobusean zoazenean, itsasaldeko leihoan eser zaitez beti. Zure eguneroko egunerokotasuna olatuetan ito dadin.

Ditxosozko egunerokotasuna eta egunerokotasun maitea, beharrezkoa eta, aldi berean, itogarria. Ingurura begiratu besterik ez dago konturatzeko zenbat berba egiten dugun sosegu beharraz, inguruko denak azeleratuta bizi garen mundu honetan. Entzun besterik ez dago zenbat hitz egiten dugun deskantsu beharraz; eta hagin bitarteetan geratzen dira hitzak, ahoko zaporea apur bat zakartuz. 

Gero eta gehiago nabari dut –30. urtealdia bizitzen ari garenok, behintzat– zer-nolako pirotekniak bizi gaituen. Eta, aldiz, zer-nolako premia dugun isiltasun apur bat topatzeko, eszenatoki hutsetan ortozik ibiltzeko, gure buruarekin bakarrik egoteko eta benetakoak eta gure-gureak diren erabakiak hartzeko. Zer-nolako premia dugun irakurketarena, idazketarena eta musikarena, bizi gaituzten erritmoetatik ihes egiteko, begietara begiratu eta irri egiteko; baietz, desazeleratzeko. 

Purutasuna sentitzeak ikara apur bat emango baligu bezala da, zarata eta hotsek, besteen gorabeherek, desgraziek, hurrengo orrialdeetara jauzi egiten lagunduko baligute bezala. Eta aipatu beharrik ez dago gaur egun distraitzeko mila modu merke eta erraz topa ditzakegula, klik-klak.

Purutasunak, soiltasunak, bakean egoteak: bertigoa, azken finean, benetakotasunak. Sentitzen duguna hitzetan adieraztea, horren ondo ez gaudela onartzea, oso ondo gabiltzala besterik gabe aipatzea. Plazer txikiak biziaraztea, egiak esatea, zintzotasuna. Hitz potolo konplikatuegiak. Benekotasun gehiago eta piroteknia gutxiago duten proiektu, jende eta bizimoduen alde egitea; horra hor harizko pasabide mehe konplikatua bezain lorgarria.

Egunerokotasuna sarri zama suerta badaiteke ere, hegan egin daiteke lurretik altxatu gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak