Zera zioen: "Ez dut pertsona langilea izatea desabantaila moduan ikusten den mundu honen parte izan nahi". Plast. "Ezta neuk ere", pentsatu nuen nire baitan.
"Non ikasten dugu langile izaten?", etorri zitzaidan burura. "Nola ikasten dugu langile izaten? Erakutsi egiten digute ala berez ikusiz errepikatzen dugun egiteko modua ote da?". Azkenaldiko tertulietan sarri atera den gaia da honako hau.
Gizarte moduan, lanaren beraren zentzua aldatu egin dela ukaezina dela esan genezake, lana eta bizitza ezberdintzeraino gaur egun. Zertarako lan egin, hortaz? Egia da lan guztiak ez direla berdinak, ados, eta hor ere lokatzetan sartu ahal izango ginateke. Halere, eta irakaskuntzara etorrita, lankideak gero eta nazkatuago sumatzen ditut, "zertarako horrenbeste ordu sartu?" eta halako esaldiekin. Zerk eraman gaitu ondo bizi kultura horretara eta langile izatearen desprestigiora?
Bateren bat begira al dago hemendik urte batzuetara izango ditugun irakasle, erizain, dendari, garbitzaile, abokatu edota medikuek izango duten lan egiteko grinari? Zein lan egiteko modu transmititu nahi diegu gure ondorengoei? Zein motatako lankide edota auzokideak nahi ditugu? Axola digu ala horretan ere bakoitza bere artaldea ondo zaintzera pasa gara? Saiatzearen eta ahaleginaren kultura ere gutxi batzuei al dagokie?
Iñaki Iurrebasok Larrun aldizkarian hizkuntzaren auziari buruz esandakoak lan egiteko modura ekarrita, esparru horretan ere ezin dugula lo gelditu iruditzen zait, eta dagoen eskarmentua aprobetxatu beharrean gaudela. Gutxi batzuek duten bizinahiak hauspotuta, badagoelako zer egin eta non eragin, irudimenez, gogoz eta batik bat, ausardiaz.