Egonaldi patxadatsuak, poteoetako esku hotzak, joandako eta izandakoak gogoratzea, argazkiak birpasatzea eta haurtzaroko lagunekin topo egitea dakartza, besteak beste, niretzat Gabon-giroak.
Gezurra dirudi nola txikitatik eraikia izan zaigun inguru natural konkretu batek zein-nolako arrastoa uzten duen gutariko bakoitzaren Gabonen memorian. Gutariko bakoitzak nola oroitzen eta, beraz, nola bizi dituen egunok ohitura batzuetara lotu edo ihes egiteko gogoz.
Lekuak eta pertsonek duten esangura ere bada esanguratsua egunotan, mahaikide batzuen esanak eta eserlekuak gogoratzen ditugu; eta solasaldi berrietara ohitzea egokitzea dagokigu. Gogoratzen dugu zein laguni gustatzen zaion loreak jasotzea, nori gustatzen zaion etxean konpota usaina egotea, kantuan egitea, etab.
Aldaketak badira, bertigo sentsazio moduko bat ematen digutenak. Bada, nik aurten sumatu dut lehenengoz mahaikide eta Gabon-giro aldaketaren haizea. Oso denbora gutxian, kideak falta izatetik kide berriak iristeko unean baikaude. Sentitzen duzu nola zure-zureak egin eta sentitu dituzunak aldatzen ari diren eta honek zein-nolako eragina duen zuregan eta ingurukoengan. Gure esku dago, baina, kasu hauetan –ere– ondoren datozenei nolako memoria utzi nahi diegunaren ingurua zaintzea.