Txikitako oroitzapenetan, ama gogoratzen dut etxeko lanak egiten zituen bitartean kantuan; Iparragirreren kantak, besteak beste. Familia baserrian elkartzen zenean, sekulako kantaldiak egiten genituen: aitajauna, amandrea, birraitona... haiengandik ikasi genituen abesti ugari. Birraitonaren esanetan, ume txikiei abestu egin behar zitzaien, eta horrela ezagutu nuen, beti kantuan. Euskal Herriko familia askotan moduan. Gurasoen sasoian, tabernetan, bezeroek jartzen zuten musika kantuekin. Duela ez asko, zerbait ospatzeko elkartzen ginenean, abesten bukatzen genuen beti.
Era ordenatuagoan kantatzeko ohitura ere izan dugu euskaldunok: abesbatzak, otxoteak... Kantua gure DNAn dago, baina gero eta gutxiago abesten dugu. Telebistek, ordenagailuek, mugikorrek… ordezkatu dituzte lehengo kantuak. Tabernetan aspaldi desagertu zen kantatzeko ohitura. Abestu dezagun! Abesten duen herria herri bizia delako.