Aurreko astean izan nuen bideoa ikusteko aukera, M.A. Elkoroberezibarrek RTVEren artxiboetan aurkitutakoa, hain zuzen. Jauregiak, parrokiak, Seminarioa... ondo azaltzen da bergararrontzat horren ezaguna den historia eta XVIII. mendean zientzia eta kultura arloan Europa osoan izandako ospea.
Baina dokumentu honetan, 60ko hamarkadan bergararrak nola bizi ziren izan da deigarriena niretzat. Industria indartsu zegoen sasoi hartan. Gaur egun desagertuta dauden oihal-lantegiak, etxetresnen fabrika, Altos Hornos... irudi kuriosoak dira. Eta herriko kaleetan ateratakoak? Jendea dotore jantzita, bergararron fama zainduz, kaleak zeharkatzen jakinda telebistan azalduko zirela.
Bestalde, Bergarako pilotalekuak urrezko sasoiak bizi zituen, eta beteta azaltzen da. Jokalari onenak kantxan eta apustu gogorrak ikusleen artean.
Azken irudiak orduko gizartean horren garrantzitsuak ziren elkarteenak dira. Janaria aurrean, mundua konpondu, eta, nola ez, abestu egiten zuten herritarrek. Hunkigarriak izan dira azken hauek niretzat, Bergarako Orfeoian ezagututako abeslariak gazte eta indartsu ikusi baititut. Ez galdu dokumentu hau ikusteko aukera.