Peter Pan, adiorik ez!

Bukatu da Peter Pan. Intentsitate handiko bi urte izan dira.

Aurretik, oinarrizko prestakuntzak: itzulpena (Valeni falta zitzaion lan bakarra, oraingoan hori ere egin du Jone Larrañagaren laguntzaz). Dekoratuak… zer egingo genuke gure ekipo teknikorik gabe eta garfiorik gabeko bere kapitain Alex barik? Zenbat lan, ze ona.

Haurrak izan dira benetako protagonistak gure musikal honetan eta, noski, horiek prestatzeko lagun hoberik ezin izan: Nagore Sanz. Ekipo ona osatu dugu, markatutako helburua lortuz. Gure haurren artean zenbat artista azaldu diren. Euskaldunan ez zuten hasierakoak ematen. Pilo bat hazi dira, alde artistikoan ere bai. Eszenatoki erraldoia bete egin zuten euren trebeziaz.

Ezin ahaztu Wendy eta Peter. Miren akordatuko da zenbat garrasi jaso izan behar zituen: "Publikoari begiratu!". Ondo ikasi zuen, Bilbon bikain, eta aurrekoak, zoragarri! Gure Peter Pan hasieratik artista zela erakutsi zigun; pertsonaia ez bezala, handitu egin da, batez ere artistikoki. Euskaldunan, liluratuta utzi zuen publikoa. Aitor Garitanoren izena askotan entzungo dugu musika eta antzerki arloan, zalantza gabe.

Argiñe, Rosa, Karlos, Fran, Julen, Valen, artista apartak. Beti Musika Eskolari laguntzeko prest. Zenbat barre egin dugun elkarrekin. Plazer bat halako lankideekin jardutea. 

Oihan Vegari, mila esker. Eskatu eta egin. Musikalerako konposatutako bi tema zoragarriak dira.

Luxuzko orkestra izan dugu. Bi ordu eta erdiko saioa prestatzeko, entsegu asko egin dituzte gure maisuek. Eskolako ikasle ohiek, egungo irakasle eta ikasleek eta ohikoak diren kolaboratzaileek osatu dute orkestra. Hasieran, Xabier Torresen zuzendaritzapean (zoriontzeko Xabik egindako lan guztia) eta azken bi saioetan, Jose Miguel Laskurain. Ausarta izan da gure Lasku. Hain entsegu gutxirekin: musika ikasi, eszena kontrolatu, soinu anplifikatuarekin ohitu, sarrerak… sekulako erronka! Bikain egon zen. Zorionak eta mila esker, Lasku.

Mariñe eta Leirerentzat (Ariana, Sara eta Andoni ahaztu gabe) hirugarren musikala izan da. Aurreko bietan haurrak bezala hartu zuten parte, baina oraingo honetan ardura handia izan dute: erregidoreak, efektuak kontrolatu, mozorroak erabili... primeran egin dute! Bergaran lasai egon gaitezke, etorkizuna ziurtatuta dago.

Altxor bat ere aurkitu dugu gure musikal honetan, eta bera Eibartik etorri da. Musika Eskolan irakasle lanean aritu zenean, garbi utzi zigun balio handiko neska zela. Dantzaria, abeslaria, aktorea, piano-jolea… gurekin behar genuen. Eta espero genuen baino askoz gehiago eman digu. Fin-fin entsegu guztietara etorri da, koreografiak muntatu eta haurrei erakutsi. Oholtza gainean, espektakularra! Irene Hernandok partaide guztien bihotzak liluratu ditu. Ezin albo batera utzi bere ama Karmelek azkeneko bi emanaldietan egin duen laguntzaile lana. Talentua nondik datorkion argi utzi digu.

Behar-beharrezkoa den Tramoia taldea bikain aritu da. Zenbat nerbio pasa behar; dekoratuak aldatzeko orduan, haurrak erdian, tokirik ez… anekdota ugari kontatzeko. Mila esker hauei ere, bihotzez!

Aipamen berezia egin nahi diet gure ama, makillatzaile, zaintzaile, saltzaile… zenbat lan! Ekipo zoragarria osatu dute: Ana, Nora, Nerea, Marijose, Lurdes, Ane, Marian, Viky, Josean… publikoaren txalo zuzenak jasotzeko aukera ez dute izan, baina gure esker beroena eta txalo handienak haientzako dira. Mila esker!

Musikalean "sinisten dut..." abesten dugu. Guk sinetsi dugu gure proiektuan. Horri esker eta Pikupe Produkzioen laguntzaz, ia 13.000 ikus-entzulek ikusi eta gozatu dute gure musikala Euskal Herriko areto onenetan. Musika Eskolako ordezkari bezala, pozik eta harro sentitzen naiz. Arrakasta hau guztiona da.

Zuekin… Sekula Betiko Lurraldera!

----------

Marije Ugalde

(Bergarako Musika Eskolako zuzendaria)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak