Argi dago merkatariek, ostalariek, autonomoek, enpresa txikiek, zailtasunak izango dituztela. Administrazio publikoak ere jasango ditu. Pasa den ostegunean Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izan genuen bilera telematikoan adierazi zitzaigun, gutxi gorabehera, %20-25ko jaitsiera izango dugula Gipuzkoako udalok Foru Fondotik datorkigun finantzazioan.
Zailtasunak izango dituzte, zalantzarik gabe, hainbat udalek urtea ekonomikoki txukun amaitu ahal izateko. Arrasateko Udalaren kasuan, 4 milioi euro gutxiago jasoko ditugu Foru Fondotik. Kantitate handia da, baina gure kasuan, ordea, aurreko urteetan egindako gestioaren ondorioz, zailtasunari aurre egiteko moduan egongo gara. Une honetan gure Udalak ez dauka zorrik eta aurreko urtetik geratutako soberakina izango dugu.
Ez da, ordea, nahikoa izango zuloa estaltzeko, eta aurrekontua berrikusi beharko da, baina oso garbi daukagu gure herriko ehun ekonomikoak gure beharra duela, eta jakin dezatela alboan izango gaituztela, zalantzarik gabe.
Era berean, Udalak zituen hainbat zerbitzu kontratu lege dekretuz etenda geratu dira. Zentzu horretan, ordea, erabaki dugu kontratu horiei loturiko langileen soldatak %100 ordainduko dituela Udalak.
%20-25eko jaitsiera izango dugu foru fondotik, baina udal hau zailtasunari aurre egiteko moduan dago
Batasunaren garrantzia ere azpimarratuko nahiko nuke. Une zail hauetan, batuta egoteko garaia da. Alderdi politiko bakoitzak bere ikuspuntua du, bere ideiak eta bere ibilbidea, bai, baina herriak momentu zailak bizi dituenean ezberdintasunak alde batera utzi eta lotzen gaituenari heldu behar diogu, denok batera. Gure herriak lotzen gaitu, gure herritarrek, aurrera egiteko gogoak.
Horri eutsi behar diogu; izan ere, pandemiari aurre egiteko modurik eraginkorrena hori da: denok bat eginik ekitea.
Euskaldunak beti izan gara komunitarioak, auzolana gure nortasunean dagoen bereizgarri bat da, eta ikusten ari gara auzoetan nola sendotu diren bizilagunen arteko harremanak balkoietan. Ezbairik gabe, osasun larrialdi egoera honek ekarri digun gauzarik positiboenetakoa elkartasuna da, alboan dagoen horrekiko enpatia, alegia.
Horren adierazgarri ere bada herritarren jarrera txalogarria, erantzukizunez jarraituz gomendioak, norbera babestu baina ondokoa ere babesteko helburuarekin.
Eta denbora zail hauetan utzi gaituzten pertsonen senide eta lagunei Udalaren aldetik doluminak emateko baliatu nahiko nuke aukera; zaila da maite duzun horri agur esatea, eta zailagoa oraindik testuinguru honetan egitea. Udalaren aldetik gure elkartasun beroena guztiei.
Eta bukatzeko, aste honetako lerro hauek umeei eskerrak emateko erabili nahiko nituzke. Hilabete daramate etxetik irten gabe, ez ogia erostera, ezta txakurra, edo zaborra ateratzera ere ez dira irten. Balkoietan ikusten ditugu eskulanak egiten eta balkoia bera apaintzen, dantzan edo jolasean. Une latzak dira haientzako, eta baita gurasoentzako. Beraz, nire txalorik beroenak Arrasateko neska-mutikoentzat, aupa zuek!
Denok bat eginik irtengo gara honetatik ere. Aupa Arrasate!