930.000 euro, kalteak arintzeko

Erabiltzailearen aurpegia Maria Ubarretxena 2020ko api. 3a, 06:30

Arrasateko Udalak 930.000 euro inguru bideratuko ditu koronabirusak eragindako kalteak arindu eta, behin pandemiaren une gorena igaro ostean, ekonomia berraktibatzeko. Neurriok Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako diru-laguntza lerroak aztertu ondoren proposatu dira, hauen osagarri izatea baita helburua.

Egoera hau mundu mailako ekonomiaren geldialdia da, eta Udaletik herritarren eta enpresa- ehunaren ondoan jarri behar dugu, ahal den guztian lagunduz. Enpresek itxi egin behar izan dute edo fakturazioa jaitsi egin da, eta Udaletik lagundu egingo diegu. Berraktibazio eszenarioa prest izan nahi dugu, guztiontzako salbuespenezko egoera hau amaitzen denerako. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara, gure herriko ehun ekonomikoa suspertzen aktiboki laguntzeko. Asmoa da beste administrazioen laguntza-lerro osagarria izatea Udalarena, komertzioari, ostalaritzari, autonomoei eta enpresa txikiei eragindako kalte larriak arintzeko; izan ere, langile, hornitzaile eta alokairuko gastuekin jarraitu behar izan dute, diru-sarrerarik lortu gabe.

3o euroko 15.000 bonu aterako ditugu herrian kontsumitzeko; 10 euro erosleak jarriko ditu eta 20, aldiz, udalak

Zehazki, lau laguntza ekonomiko bideratuko ditugu. Horietan lehena zerga eta tasekin lotuta dago. 2020ko lehen sei hilabeteko zabor tasa, ur tasa eta bide publikoaren okupazio tasa hobarian emango da. Hamabost lagun baino gutxiago dituzten negozioei eragingo die, eta 656 negozio lagunduko ditugu; neurri honek 330.000 euroko balioa izango du.

Bigarren neurriak herriko komertzioa berraktibatzea du helburu, eta hiru akzio ditu barne. Lehena erosketa bonuak dira. 30 euroko 15.000 bonu aterako ditugu: hamar erosleak jarriko ditu eta Udalak gainontzeko 20 euroak.  Bonuak Arrasateko edozein negoziotan erosteko balioko du –dendak, autonomoak...–; ez, ordea, saltoki handietan. Bonuaren bitartez negozioei zein familia unitateari lagundu nahi diegu. Herriko komertzioa eta aktibitate ekonomiko ezberdinak sustatzeaz gain, arrasatearrek beraien erosketa hautua egiteko orduan hobaria jasoko dute. 300.000 euro bideratuko ditugu neurri honetara. Horrez gain, 25.000 euro jarriko ditugu herrian erostearen beharraz kontzientziatzeko sentsibilizazio kanpaina batera. Azkenik, kaleak girotzeko eta bizitzaz betetzeko ekintzen antolakuntza eta sustapena indartuko ditugu. Lan ildo honek 25.000 euro jasoko ditu.

Hirugarren neurriak kiroldegiko abonatuekin du zerikusia. Kirol instalazioak itxita dauden denbora kontuan izanik, erabiltzaileei ordainduta daukaten kostuaren zati proportzionala itzuliko zaie. Era berean, egin ez diren ikastaroen kostua ere itzuliko diogu ordainketa eginda duen pertsona orori. Neurri honek 2.673 bazkideri eragingo die, baita kurtsoak hartzen dituzten 1.045 pertsonei ere. 80.000 euro erabiliko ditugu abonu eta ikastaroak bueltatzeko.

Laugarren neurria Gizarte Larrialdietarako Laguntzekin dago lotuta. Laguntza neurri berri hau espezian gauzatzen da eta horien banaketa Debagoieneko Gurutze Gorria erakundearen lankidetzaz egiten ari da Udala. Laguntzaren helburua da janaria bezalako oinarrizko behar urgenteak bermatzea alarma egoerak irauten duen bitartean. Aldez aurretik 300.000 euro genituen laguntza hauetarako, baina 129.000 euro handituko dugu. Neurrien berri emango diegu autonomoei, enpresei, langile eta herritarrei, eta laguntza lerroen epe mugak denbora laburrean emango ditugu aditzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak