Udaletik, alderdi politiko eta langile guztiak batera ari gara lanean, gainerako erakundeekin batera, pandemia geldiarazi eta herritarren ongizatea bermatzeko.
Hasieratik ezarritako eraikin publikoen eta jarduera oro eteteari jarraiki, egoeraren eboluzioarekin bat, herritarrak babestera bideratutako beste hainbat neurri hartu ditugu. Horien artean, kale eta elementu publikoen garbiketa eta desinfekzioa indartu dugu, batez ere, jende gehien dabilen guneetan; eta, Gurutze Gorriarekin elkarlanean, konfinamenduan edo berrogeialdi-neurriek eraginda bakandurik dauden pertsonei etxez etxeko laguntza eskaini eta arrisku taldeetan dauden pertsonekin jarraipen telefonikoa gauzatzen dihardugu.
Egoeraren eta hartutako neurrien eboluzioa Udaleko alderdi ezberdinen ordezkariek eta teknikariek osatutako Bozeramaile Batzorde Berezietan gauzatzen dugu, azken egunotan telematikoki. Alderdi eta ordezkari guztiok momentu zail hauetan gure konpromisoa eta ardura adierazten ari gara.
Merkatariak, ostalariak eta autonomoak zuzenki laguntzeko dirulaguntza lerro bereziak prestatzen ari gara
Garbiketa langileekin batera, Udaltzaingoa egiten ari den lana nabarmentzekoa da ere: kontrola areagotu da konfinamendu neurrien betetze-jarraipena egiteko. Arrasatear gehienak arduraz ari dira jokatzen, guztion onurarako, etxean geldituz. Honela soilik geldiarazi dezakegu koronabirusa. Guztion ardura da. Baina, azken datuek diotenez, 700 auto eta 500 pertsona identifikatu behar izan dira. Berriz ere, kolaborazioa nahi nuke eskatu, herritar guztiok bat egin behar baitugu, soilik bat eginik egingo baitiogu aurre pandemia honi. Garrantzitsua da, salbuetsita dauden kasuak kenduta, etxean gelditzea.
Etxean gelditzearekin, herritarren beharrak asetzeko bide telematikoak indartu ditugu. BAZek, Gizarte Zerbitzuak zein Emakume Txokoak herritarren beharrei erantzuten dihardute. Edonork informazio eskaera edo bestelako beharrik balu, jar daiteke Udalarekin harremanetan: (BAZ – 010 / 943 25 20 00).
Alarma egoera honek, ezbairik gabe, eragin zuzena izango du ekonomian. Aztertzen ari gara Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri dituzten eta jartzen ari diren neurriak; gure eskualdeko Garapen Agentziarekin batera egiten ari gara lan hori. Horien osagarri, herriko ehun ekonomikoa babeste aldera, laguntza lerro ezberdinak lantzen ari gara, batez ere enpresa txikiak babeste aldera: merkataritza, ostalaritza, autonomoak, tailerrak… profesional ugarik ez dute bere jarduera burutzeko aukerarik eta Udala prest dago eta lanean ari gara zuzenki laguntzeko. Helburu dugu gainerako erakundeen laguntza baliatu eta osatzea, era koordinatuan herritarrari erantzun egokiena eskainiz. Honek guztiak onik badauka, egunotan ikusi dugun herritarren solidaritatea da, balkoietan zabaldu ditugun kantu, irri eta, batez ere, txalo zaparradak dira. Guztiok, bat eginik, era bateratuan. Badakigu arrasatear asko eta asko egoera zailean daudela, eta horiei erantzuna ematen saiatuko gara Udaletik, gainerako erakundeekin batera. Gurekin lasai hitz egin, esaguzue zer gertatzen zaizuen, eta bideratzen saiatuko gara, ahalmen ezberdinen arabera.
Arrasatearron zeinu da elkarlana, eta une honetan inoiz baino agerikoagoa da berau. Une zailok atzean utziko ditugu, eta indartuta irtengo gara honetatik ere, ziur. Baina hori inor atzean utzi gabe egin behar dugu; guztiok batera.