Internazional Antifaxista ospatzen den espazio horretara bidean oposiziokoen protesta pasa genuen ondotik, eta jakin dugu arratsaldean ere Maria Corina Machadoren agerpena izan zela. Honen ostean nazioartean zabaldu ziren mezu faltsuek agerian utzi zuten oposizioak argi duela komunikabideen rol garrantzitsua kapitalismoa gainditzeko prozesuei eta inperialismoaren aurka borroka egiten dutenen legitimitatea deuseztatu asmoz. Hasieran atxilotua izan zela zabaldu zen prentsan, baina gezurrak hanka motzak dituenez, berak hori ezeztatu eta poltsa urdina (Venezuelan meme iturri nabarmena azken egunotan) lapurtu ziotela zabaldu zuen. Honekin gutxi ez, eta bere gertuko bati indar armatuek tiro egin ziotela zabaldu zuten gero; ostean jakin da hori ere ez zela egia, hotel batean aurkitu baitute "zauritua" inongo urraturik gabe.
Desinformazio estrategia hau ezin da gehigarri edo osagarri moduan ulertu, gerra kognitibo eta kulturaleko elementu zentral baino. Oposizioaren helburua argia da: kaos eta ezegonkortasun irudi bat saltzea haien esku dauden komunikabide guztiak erabiliz "nazioarteko komunitatearen" begietara Venezuelan esku-hartze militar bat zilegiztatzeko. Honek arrisku handia suposatzen du gobernu bolibartarrarentzako eta venezuelar herri langilearentzat. Zentzu honetan, gu han geundela errealitate dual bat bizi izan dugu: alde batetik, senide eta lagunek bidaltzen zizkiguten mezuak "Kontuz ibili", "Ondo zaudete? Albisteetan irakurri dut [edozein bortxazko egoera]…"; eta beste aldetik guk bertan bizi izan duguna: normaltasun osoa (dendak zabalik, jendea erosketak egiten, lanera bidean, zuku bat edaten terraza batean, bizikletan edo korrika entrenatzen etab.). Venezuela ez dago inondik inora gerra zibil baten atarian, interbentzio militarra bera da ezegonkortasuna eta segurtasunik eza ekarriko lituzkeena. Honetaz kontziente, komunikazio lantalde bat sortu da Internazional Antifaxistaren barruan, diskurtso hegemonikoa tronutik erauzi eta herri bolibartarraren mezuak nazioartean zabaldu daitezen.
Azpimarratu beharreko beste kontu bat bada han arnasten zen giro iraultzailea, garaipenera hurbiltzen ari den herri baten alaitasuna. Urtarrilaren 9an arratsaldean manifestazio izugarri batek gurutzatu zuen Caracas. Madurok kargua zin egin zuen egunean –ez ekitaldi instituzional ofizialean, herriaren aurrean egindako ekitaldian baizik–, milaka eta milaka pertsona geunden eszenatoki erraldoi baten aurrean: koska batera igota ere ez zen ikusten jende-uholdearen amaiera. Ikaragarria zen bertakoen poza, baita nazioarteko 125 herrialdetako 2.000 ordezkari baino gehiagorena, miresmen konplize batekin. Bero sapa eta jendetza hartan ordu batzuk egon ginen guztiok presidentea noiz irtengo zain, eta diskurtso indartsua bota zuen, garaipenak ematen duen konfiantza horrekin.
Mugimendu bolibartarrean festa giroa nagusitu arren, definitzen duten elementuak diziplina eta erresistentziarako gaitasuna dira. Madurok 10ean bota zuen diskurtsoan, baina gehienbat hurrengo egunean Internazional Antifaxistako klausura ekitaldian kideoi emandakoan argi geratzen ziren bi ideia: batetik, Internazional Antifaxista ez dela airean metafisikoki eusten den plataforma huts bat, zentzua izango duela soilik tokian-tokiko askapen borroketan errotzen bada (hortik herri bakoitzean Internazional Antifaxistaren atalak sortu eta elikatzearen mandatua); bestetik, bakea maite duela chavismoak, baina beharrezkoa izanez gero prest daudela ofentsiba inperialistari aurre egiteko, eta aliantzak ere eskura dituztela. Palestinarentzat exijitzen dugun erresistentziarako eta autodeterminaziorako eskubidea Euskal Herrian zilegi da, eta baita Venezuelan zein munduko beste herri guztietan.
Han pasa genituen egunetan egitarau anitza izan genuen, eta azpimarratu beharra dago lehenengo egunean egon ziren tailerren zerrenda: jatorrizko herrien borrokak estraktibismoaren aurka, komunikazio tailerra, herri mugimenduak, intelektualen mahaia, emakumeak borroka antifaxistan, gazte eta ikasleen frontea, langileen erresistentziak. Beste behin argi geratu zen internazionalismoaren garrantzia, jatorrizko herrien eta Euskal Herriko borroken lotura adibide bat jartzearren: potentzia inperialistek ahotan duten "trantsizio berdea"-k Euskal Herriko lurrak enpresa multinazionalei ia-oparitzea dakar makroproiektu energetikoak gauzatzeko, baina hauek geratzeko borrokak elikatzen ditu Abya Yala zein Afrikako herri ezberdinen erresistentziak, eoliko eta eguzki-energiarako plaken lehengaiak beraien lurretatik erauzten baitira ustiaketa masibo bidez. Eta, noski, alderantziz ere: haiek mineralen ustiaketa geratzen edo gutxitzen duten heinean ezingo dituzte hemen ezarri beharreko tresnak ekoitzi.
Internazional Antifaxista irailean eratu zen, eta azaro amaierako bilkuraren ostekoa izan da urtarrileko hau. Ez da hemen geratuko, ordea: 2025erako helburu zehatzak finkatu ziren. Horien artean, batzuk azpimarratzearren: M8an Internazional Feminista Antifaxistari hasiera ematea, Garaipenaren Egunaren 80. urteurrenaren ospakizunari dagokion dimentsioa ematea, gazteen formazio eskola bat martxan jartzea Semilleros del Nuevo Mundo izenekoa eta martxan dauden Hego Globaleko formakuntza politikorako eskolen biltzarra.
Orain, guri, internazionalismotik lan egiten jarraitzea dagokigu, elkartasun internazionalista martxan jarriz eta ofentsiba inperialistaren aurkako borrokak indartuz gurean (Euskal Herriaren askapen nazional eta soziala lortuz) eta atzerrian. Beste ikaspen bat ere badakargu: bizi dugun krisi egoera honetan, gerraren aurrean ezin da bake abstraktua aldarrikatu: gerra inperialistari, herriok erresistentzia egin behar diogu. Gerra inperialistari, gerra.
Marixe Ruiz de Austri, Askapenako kidea.