Uholdea etorri arte.
Eta orduan ezer gabe geratzen gara. Etxerik gabe, familiarik gabe, herririk gabe. Valentziako lokatzaren erdian, aukerarik gabe. Gazako genozidioaren erdian, aukerarik gabe. Afrikako gosetearen erdian, aukerarik gabe.
Eta beste eta hainbeste uholdetan bezala, iragana historiako liburuetan ahaztuko dugu. Oraina lurralde idor eta arriskutsu bihurtuko zaigu, eta etorkizuna garai hobeen oihartzun urrun.
Pelikula hau ikusi dugu jadanik. Mobiolan behin eta berriz errepikatzen den terrorezko filma da. Kolonialismoa, inperialismoa, gerra, faxismoa, errepresioa, injustizia, matxismoa, gosetea, hondamendi naturalak... Gainditu gaituzten uholdeak zenbatezinak dira.
Eta zer egin dugu horien aurrean? Zer ikasi dugu orain arte? Zer egingo dugu, gaur bertan gertatutakoa berriro sekula santan ere ez gertatzeko? Horixe katastrofe guztien ostean geure buruari galdetzen dioguna. Zer ikasi behar dugu hondamendien aurrean? Erantzunak ugari, ekintzak urriagoak.
Uholdeak inguratzen gaituen guztia darama, baita memoria ere. Eta horrela bizitzen gera, sortuz eta sortuz betiko aukerak. Globalizazioa, immigrazioa, teknologia berriak, trumpismoa, desinformazioa, klima aldaketa, ultraeskuinaren gorakada, alienazioa, inteligentzia artifiziala... Lehengo lepotikan burua.
Gu gara uholdea. Geure buruari zintzotasunez begiratzeko gai ez garen bitartean, inoren laguntzarik gabe itoko gara.