Gazteei mundu hobeagoa eraikitzea posible dela transmititzea du helburu. Lurralde eta herritar guztien ongizatean oinarritutako mundu bat antolatu daiteke, eta hori euren eskuetan ere badago.
Lehen hartu-emanak Arrasateko Institutuan eta Aretxabaletako Kurtzebarri Ikastetxean izan genituen. Eta gazteek enpatia berezia dutela erakutsi ziguten. Esplotatuen eta baztertuen azalean jartzen badakite. Injustiziak bereizten badakite. Beraz, aldaketa sakonak abiarazteko tresnak eman behar zaizkie. Ez da gutxi, zeren eta mundua aldatzen doan abiadura zoroan, krisi handiei egin beharko diete aurre: klimatikoa, migrazioarena, faxismoaren gorakadarena, energiarena, urarena...
Ez dirudi erraza, baina injustizia justiziarekin amaitzen da. Esplotazioa, berdintasun errealarekin. Hondamendia, berreskuratze lanarekin.
Bidezko Merkataritzak ildo horretan egiten du lan. Lurralde txiroen ongizatea bultzatuz. Haur esklabotza eta esplotazio egoerak ekidinez. Nekazari-kooperatibak sustatuz, eskolak zabalduz. Soldata justuak eta lan baldintza duinak ahalbidetuz. Natura errespetatuz, deforestazioari aurre eginez. Kimikorik gabeko elikagaiak landatuz, ekoizpen ekologikoen aldeko apustu serioa eginez.
Gazteek Bidezko Merkataritza ezagutzea garrantzitsua da. Komunitateei eta kooperatibei laguntzeko, kontsumo arduratsuaren bidez. Baina baita bide berriak zabaltzea posible dela ikusteko ere.
Ea datorren ikasturtean Debagoieneko ikastetxe gehiagotan egoteko aukera daukagun. Harreman polita sortu ahal da, aurrera begira kolaborazio aberasgarriak eman ahal dituena. Gazteak dira etorkizuna.