Bere arbasoen lurraldean, errefuxiatuta. Gatazka amaigabe batean, errefuxiatuta.
Txiki-txikitatik ohitu da hondatutako kaleetan barna ibiltzera. Bonbek eraitsitako etxeetan mundu berriak imajinatzera. Ohituta tiro hotsen artean loak hartzera.
Baina gerra uholde baten indarrarekin zabaldu da azken boladan. Atzean utzi behar izan ditu etxea, eskola, herria. Atzean soldadu israeldarrek eraildako senide eta lagunak. Orain, kanpin-dendaz jositako lurralde triste batean bizi da. Gurasoekin eta ahizpa txikiarekin.
Gaur, goseak eta hotzak eragiten dion tripako mina ahazteko, noraezean ibili da ahizpa txikiarekin. Eta, nahi gabe, kanpalekuaren sarrerara iritsi dira. Eta liluratuta gelditu dira.
Argiak, kamerak eta kableak. Koloretako paperak eta ur freskoz beteriko botilatxoak. Ulertzen ez duten hizkuntza batean kalakan ari diren pertsonaia inportanteak. Pelikuletan ikusten direnen antzekoak. Azal zuriak, esku garbiak. Betaurrekoak eta arropa berriak. Irribarre itsugarriak. Hain txukunak eta distiratsuak, beste mundu batekoak ematen dute. Horixe dio Samiharen ahizpak. Martzianoak direla. Zerutik etorri direla, kaleak konpontzera. Suntsitutako bihotzak erreparatzera. Herri gatibua askatzera.
Eta orduan, emakume eder bat gerturatu zaie eta banderatxo bat oparitu die. Izarrez betetako zeru urdin bat. Ahizpak arrazoi: estralurtarrak dira. Hori iradokitzen die banderatxoak.
Pozik itzuli dira kanpin-dendara. Denei erakutsi diete emakume ederraren oparia. Askatasun eta bakearen esperantzazko bandera. Laster izango da Palestina libre. Laster isilduko dira gerraren harrabotsak. Bukatuko da heriotza.
Eta amari bi malko lodi erori zaizkio, izarrez betetako zeru urdina azken bonbak utzitako su-txingarretan erre aurretik.