Hil erdialdean, Libiatik Italiara bidean itsasoratutako ontzi bat hondoratu zen Greziako kostaldean. Seguruenik, askok ikusi duzue irudia, itsasontzia iheslariez mukuru. Ikaragarria. 750 bat pertsona. Kostazainek 104 lagun atera zituzten bizirik. Hilik, 80. Eta beste guztiak? 600 pertsona inguru, desagertuak. Haien artean, ehunka haur eta emakume.
Handik bizpahiru egunera, beste ezbehar bat itsasoan: bost lagun zeramatzan itsaspeko turistikoa, Ternua aldean desagertua. Bidaiari bakoitzak 250.000 dolar ordaindu zituen itsaspekoan bi orduz jaitsi eta Titanic mitikoaren hondakinak bisitatzeko. Luxuzko bidaiak; badakizue, Ilargiari bueltatxoa eman edota sakontasun abisaletara jaitsi argazkiak ateratzera.
Ez dakit zerk ematen didan lotsa gehiago.
Iparraldeko nazioen kolonialismoak eta sistema sozial eta ekonomiko neoliberalek aspaldi erein zuten gaur egun jasotzen ari garen uzta: klima larrialdia, elikadura eta energia krisia, gerrateak, pobrezia, gosea… eta migrazio masiboak. Ehun eta hamar milioi desplazatu munduan dagoeneko. Itsasoan noraezean doan icebergaren antzera, mugimendu geldiezina. Eta bitartean, Afrikako hainbat lurraldek baino aberastasun gehiago pilatzen duten milioidunak, milioidunen gauzak egiten.
Titanic hondora ezina zela zioten, baina iceberg batekin topo egin, eta pikutara joan zen, luxuzko ontziteria, punta-puntako teknologia eta pertsonaia prestigiotsu eta guzti.
Gure gizarte kapitalista eta aurreratu honek parez pare dauka migrazioaren iceberg erraldoia, eta, garaiz erreakzionatu ezean, pikutara joango da, Titanic-en antzera.
Ea, behintzat, icebergaren kontrako talkak ordena neoliberala suntsitu eta mundu berri eta hobeagoa sortzeko balio duen.