Hainbeste izanda, katastrofe mundial honen faktore garrantzitsuenetako bi azpimarratu nahi nituzke: elikagaien eskasia eta klima aldaketa. Biak ere estuki lotuta. Biak dagoeneko milioika pertsonaren heriotzaren eragile.
Elikagaien eskasiari dagokionez, gure etxean ezin kexatu. Are gehiago: planeta osoa pintxo gozoez elikatzeko gai garela esango nuke. Sare sozialetan egunero zintzilikatzen ditugun argazki gastroerotikoak edota gure medioetan sukaldearekin lotutako milaka erreportaje, programa eta notiziak ikustea besterik ez dago. Sukaldatzea dagoeneko ez da artea, zientzia baizik. Unibertsitatea eta guzti daukagu. Sukaldariak orain, filosofo. Eta paradoxikoki, zientzia beharrean, erlijio bihurtu zaigu jatearen kontua.
Eta saihestezinezko galdera: nola liteke hainbeste miresten dugun eta, era berean, ezinbestekoa zaigun gastronomia luxuzko ekintza bihurtzea?
Aspaldi dakigu XXI. mende honetan badagoela modua munduko populazioa duintasunez elikatzeko. Eta hala ere, milioika hiltzen dira gosez urtero. Eta hilko direnak. Galdetu hegoaldeko lurraldeetan zer jaten duten egunero, eta ea argazkiak igotzen dituzten Instagramera.
Eta orain, elikagaien prezioen igoera zoroa dela eta, iparraldeko herrialdeetan ezin jan nahi duguna, nahi dugunean eta nahi beste. Akabo!
Elikagaien krisian –jatetxeetako kartan bezala–, gustu guztietarako arrazoiak aurki ditzakegu: pandemiaren ondorio ekonomikoak, mundu mailako garraioetan sortutako arazoak, erregaien prezioen igoera itzela, zapuztutako uztak, ur eskasia, Ukrainako gerra, gasbide errusiarren itxiera, Europan aspaldian izandako inflaziorik altuena, diruaren prezioaren gorakada…
Momentuz, klima aldaketa gailentzen zaie arrazoi guztiei. Hura da pelikula honetako gaizkilea, duda izpirik gabe. Klima aldaketa zitalak ez dauka planetaren tenperatura 1,5 gradu igotzera itxaron beharrik nahi dituen kalte guztiak eragiteko. Bero-boladak, lehorte luzeak, uholdeak, lur-jausiak… Muturreko edozein fenomeno meteorologiko erabilita, di-da batean hondatzen ditu landa eremuak eta uztak. Dirudienez, hura da elikagai faltaren erruduna.
Eguraldi trakets eta klima gaizto honen zergatien bila, mugikorretako aplikazioak deskargatu edota telebista piztu dezakegu. Sukaldaritzaz gain, eguraldia eta fenomeno meteorologikoak dira-eta izarrak. Zenbat eta zenbat ordu eguraldiaz mintzatzen! Zenbat bideo kazkabarrarekin, urakanekin edo uhaldiekin! Zenbat egun La Palmako sumendiaren nondik norakoak detaile txikienarekin ikusten! Orain gurean, urtegien lehortzeak eta hainbat herriren ur horniketarako arazoak. Baina lasai, Urdaibain Guggenheimen kopiaren eta Debagoienean parke eolikoen eraikitze hipotetiko eta miresgarrien zain gaude eta.
Eta bitartean, ezer gutxi aldaketa klimatikoaren zergatiei buruz, ezer gutxi orain arte hartutako neurriez eta etorkizunera begira hartu beharreko erabakien inguruan.
Eta badaukagu errelato perfektua: muturreko klimak nekazaritza kolpatuko du, elikagai eta ur eskasia eraginez, horrek gatazka sozial eta politikoak bultzatuko ditu, eta pobrezia, gose eta ezegonkortasun gehiago ekarri. Gosearen gurpila martxan jarrita, herrialde osoak migratzera bultzatuak izango dira bizirik irauteko. Txiroenak lehenengo, hau da, hegoaldekoak iparraldera. Eta Iparraldekoak, auskalo nora.
Horixe humanitatearen patua, tontamentien datozkion desgraziei aurre egin behar. Zerutik jausiko balira bezala. Edo Olinpoko jainko haserre batek beharrean, masterchef moderno batek bidalitakoak izango balira bezala.
Eta guk sinistu. Hitz egin dezatela nekazaritza zein abeltzaintza industrialari buruz, eta horrek klima aldaketan duen eragin zuzenaz. Hitz egin dezatela haziak erosten dituzten nekazaritzako elikagaien enpresa transnazionalei buruz. Haziei genetikoki egiten dizkieten aldaketei buruz. Ohian tropikalak bota eta monolaborantzak ustiatzen dituztenei buruz. Monolaborantza horiek eragiten duten berotegi-efektuari eta biodibertsitatearen galtzeari buruz. Animalien esplotazio industrialei buruz. Kakaoak, azukreak, kafeak eta halako produktu estrategikoek burtsetan dakarten dirutzei buruz. Pestizidei buruz. Prezioen espekulazioei buruz.
Merkatu librea deiturikoak –hori bai pelikulako antiheroia– negozio bat gehiago bezala maneiatzen ditu nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura. Ez gosea akabatzeko, baizik eta dirutzak irabazteko planeta bera akabatzen duten bitartean.
Eta negozio hori enpresa erraldoi gutxi batzuen eskuetan dago. Mundu osoko nekazari eta abeltzain txikiak estutuz; kasu askotan, pobreziara bidaliz.
Oihanak, lurrak, haziak, landareak, animaliak, ura, ez dira gureak. Ez dira munduko herritarrenak. Esku pribatuetan daude.
Aukera bakarra daukagu. Justizia ekonomikoa aldarrikatzea. Bidezko merkataritza bat. Elikadura produzitzeko burujabeak izatea. Lurrak eta ekosistemak zaintzea, hori gure osasuna zaintzea ere badelako. Sistema kapitalista neoliberal honek kendu digun guztia berreskuratzea. Badago zer egin. Masterchef-aren izenean. Amen.