Glamourraren kiratsa

Erabiltzailearen aurpegia Marian Porcel Exposito 2022ko mai. 15a, 00:00

Ez da gertatu, baina gerta daiteke. Informatibo berean, bata bestearen atzetik, New Yorkeko MET galaren irudiak emititzea, eta ondoren, inolako lotsa barik, Intermon Oxfam-ek egindako azken informearen berri ematea.

Lehenengoan ikusgai showbussines-eko enpresari, aktore, musikari, diseinatzaile eta mota guztietako friki aberatsen desfilea. Informatiboetako aurkezleen aburuz, glamourrez betetako ekitaldia; nire iritziz, zirku mediatikoaren munstroen parada.

Bigarrenean entzungai zenbaki beldurgarrien zerrenda: munduan 860 milioi pertsona egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin bizitzen; horietako 827 milioi, desnutrizioa sufritzen; 263 milioi, muturreko pobrezia pairatzen. Telebistan, zenbaki hutsak. Errealitatean, arima eta haragizko pertsonak.

Horrelako kasuetan –informatiboetako aurkezleek ezikusiarena egiten badute ere–, ukatu ezin diren kalkuluak etortzen zaizkit niri burura. MET galan eserleku bat lortzeko 35.000 dolar. Mahai bat lortzeko 300.000 dolar. Alfonbra gorri, atrezzo ponpoxo eta dekorazioan milaka eta milaka dolar. Jantzi, zapata, bitxi, estilismo eta enparauetan beste horrenbeste. Azkenean, enpresa babesle eta dohaintza bidez New Yorkeko Metropolitano Museoaren Jantzien Instituturako, 10-15 milioi dolar. Dena, gau bakarrean.

Eta bitartean, gauak argituko ote duen ez dakiten milioika pertsona.

Gizakien arteko desberdintasunak nabarmenago eta zaurgarriago egin dira azkenengo urtean. Lehengaien krisia, energiarena, osasun eta elikagaiena, larrialdi klimatikoa eta ur falta... Prezioak gora eta gora, eta soldatak behera. Gerra Ukrainan, baina baita ere Etiopian, Yemenen, Sirian, Palestinan... Eta New Yorken txorimaloen desfile lotsagarri bat antolatzeko, dirutzak xahutzen. Ez da broma.

Intermon Oxfameko ordezkarien hitzetan, "neurri erradikalak eta berehalakoak ez badira hartzen, gizateriaren muturreko pobrezia eta sufrimendu mailek gora egingo dute. Panorama hau are tamalgarriagoa gertatzen da, kontuan hartzen badugu dolarrak bilioika bereganatzen dituzten boteretsuek eskalada hau geldiarazteko inolako interesik ez dutela".

Gizatxarkeria horren aurrean zer egin? Aberatsei zergak igo eta herrialde pobreei zorra kitatu. Hasteko.

Hori egin ahal da? Bai. Borondate politikoa behar da horretarako. Besterik ez.

G20ko gobernuek, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak pobrezia-poltsak desagerrarazten lan egin beharko lukete, eta ez korporazio teknologiko edo energetikoen irabaziak gordetzen, besteak beste. Benetan justizia soziala eta ekonomikoa bilatzen duten enpresa zein merkataritza aktibitateak babesten eta sustatzen inbertitu beharko lukete dirua. Planeta berreskuratzen eta zaintzen duten energia eta ustiapen prozesuak ezartzen. Burtsa eta paradisu fiskalen lapurreta masiboak ekiditen.

Gizakiok badaukagu ahalmena hori eta askoz gehiago egiteko. Eta gaur egun gobernuetan zein erabakitzeko postuetan daudenek benetako aldaketaren alde egiten ez badute, behartu ditzagun horretara.

Bihar, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko eguna da. Bidezko Merkataritza: esplotazio baldintzetan lan egitera behartuta dauden hirugarren munduko nekazariei irtenbide duina ematen saiatzen den mugimendu mundiala. Elikagaiengatik prezio justua ordaintzen zaie, espekulaziorik gabe, nekazariek baldintza egokietan lan egin dezaten, soldata duinekin, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna bultzatuz, sistema kooperatiboak antolatuz, haurren eta zaharren lana desagerraraziz eta natura sistema produktibo arduratsu eta ekologikoekin babestuz.

Norbanakook asko egin dezakegu besteen lepotik aberasten diren marka komertzialak gutxietsiz eta Bidezko Merkataritzako produktuak erosiz. Baina pentsa, momentu batez, zenbat egin dezaketen gobernu eta botere zentroek.

1970ean, munduko herrialde aberatsenek promesa solemne bat egin zuten, NBEren ebazpen historiko baten bidez: aberastasunaren ehuneko txiki bat, errenta nazionalaren %0,7, herrialde txiroei ematea goseari eta pobreziari aurre egiten laguntzeko.

Ez naiz izango hori gaizki dagoela esango duena. Baina ordua da limosnak emateari utzi eta injustiziari benetako irtenbidea emateko. Herrialde aberatsak ez gara munduko jabeak. Hobeto bizi gara, soilik ekonomikoki zein sozialki desberdintasunean oinarritutako sistema bat iraunarazi dugulako. Eta, nola ez, gure lurra neurririk gabe ustiatu dugulako desagertzearen mugetaraino gerturatuz, munduko zientzialari gehienek ohartarazi digutenez.

Bada ordua barra librea ixteko. Has daitezela politikariak, behingoz, euren lana egiten. Eta MET galako txorimaloak eman dezatela bueltaxka bat bidezko merkataritzako kafe, kakao edo kanaberazko landa-eremuetatik. Ikusleak lotsatu beharrean, behintzat, txori gosetiak uxatu ditzaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak