Gogoratzen dut espainiar jubilatu talde bat egoerak harrapatuta geratu zela. Egunak zeramatzaten Hegoafrikan turismoa egiten. Plazerezko bidaia bukatuta, Johannesburgon hegazkina hartu, Suitzan eskala egin eta etxera bueltatzeko asmoa zeukaten. Baina Suitzak ezetz esan zuen. Omikronaren agerpena zela-eta, Johannesburgotik zetorren hegazkina ez zela lur suitzarrean inolaz ere lurreratuko. Niet.
Gogoratzen dut jubilatuen aferak medioetan izan zuen oihartzun zabala. Afrika arriskutsuan harrapatutako beste europar askok bezala, hegazkin berezia fletatzea eskatu zioten euren gobernuari. Gogoratzen dut jubilatu taldeko emakume bat telebistan hitz egiten, sentitzen zuten haserrea argi eta garbi utziz. Beraiek turista jatorrak zirelako, testak egin eta negatibo eman zutelako, eta, halere, Johannesburgotik atera ezinik zeudelako.
Eta gogoratzen dut baita ere egoera horrek eragiten zien inpotentzia eta umiliazioa esaldi borobilean laburbildu zuela: "Bigarren mailako pertsonak sentitzen gara". Zer pentsa eman dit denbora luzez esaldiak.
Bere etxetik milaka kilometrotara dagoen lurraldea bisitatzen ari diren turistak... bigarren mailako pertsonak dira? Erretiroaz disfrutatzeko plazerezko bidaiak antolatzen dituzten jubilatuak bigarren mailako pertsonak dira? Jarri beharreko txerto guztiak jarri eta, akaso, hain beharrezkoak ez diren mota guztietako botikak dituzten pertsonak... bigarren mailako pertsonak ote? Zer eta, hegaldi bat hartu ezin dutelako? A ze tragedia!
Ez dakit zer den gaitzagoa, zeruko izar guztiak kontatzea edo lehen munduko azal zurion berekoikeria neurtzea. Bigarren mailako pertsonak sentitu, non eta Hegoafrikan! Apartheidaren lurraldean. Hori bai komedia!
Historian egon den sistema politiko baztertzaile, zapaltzaile eta arrazistenetako bat. Gehiengo beltza, gutxiengo zuriaren biolentziaren pean, mota guztietako injustiziak sufritzen. Hori bai da bigarren mailako pertsona izatea.
Eta aurretik, kolonialismo basatia Afrika osoan. Frantziarrak, portugaldarrak, herbeheretarrak eta britainiarrak kontinente oso bat hondatzen: naturako baliabideen espoliazioa eta populazioaren esklabotza. Hori bai hirugarren mailakoa izatea.
Eta aldez aurretik, espainiarrak –euskaldunak barne– afrikarrak Kubara edo Antilletara esklabo eramaten. Eta Latinoamerikako indigenak mota guztietako birusekin edota ezpatekin erailtzen. Hori bai, dudarik gabe, laugarren mailakoa izatea.
Baina, tamalez, ez daukagu denboran hain atzera egin behar bigarren, hirugarren edota laugarren mailako pertsonak daudela egiaztatzeko. Gaur egun ere non-nahi aurki daitezke: Kongoko edo Boliviako mehatzeetan lan egiten, Bangladeshko ehundegi edo adreilu fabriketan, Ghanako kakao landa-eremuetan, Ameriketako Estatu Batuetako, Poloniako edo Espainiako mugetan, itsaso zakarretan kulunkatzen diren kayukoetan, Ciudad Juarezko inguru idorretan, Siriako edo Yemengo bonben azpian, desnutrizio eta goseteen lurraldeetan, narkotrafikatzaileen atzaparretan, indar paramilitar eta politiko ustelek gobernatutako herrialdeetan, prostituzio etxeetan, hirugarren munduko espetxeetan... Zerrenda amaigabea da.
Pobreziak, biolentziak eta injustiziak kolpatutako jendetza ikaragarria da. Eta ez da kasualitatez edo zorte txarrak probokatutako egoera. Lehen mailako pertsonek antolatutako sistemaren ondorio zuzena baizik.
Orain dela mende erdi Eduardo Galeanok idatzitako Latinoamerikako zain urratuak honelaxe hasten da: "Lanaren nazioarteko banaketa honetan datza: herrialde batzuk irabazten espezializatzen dira eta beste batzuk galtzen".
Eta Latinoamerikari buruz dio: "Eskualdeak neskame gisa jarraitzen du lanean. Existitzen jarraitzen du besteen beharren zerbitzura, petrolioaren eta burdinaren iturburu eta erreserba gisa, kobrearena eta haragiarena, frutarena eta kafearena, lehengaiena eta elikagaiena, herrialde aberatsetara bidaltzeko, hauek kontsumoarekin irabaz dezaten Latinoamerikak ekoizten irabazten duena baino askoz gehiago".
Horrela segitzen du izaten. Latinoamerikan eta garapen bidean dauden eta inoiz garapenera heltzen ez diren lurraldeetan.
Liburuaren lehen kapituluaren izenburua hauxe: Ehun eta hogei milioi haur ekaitzaren erdian.
Eta jubilatu batzuk Johannesburgon hegazkina hartu ezinik.
Ba, horixe.