Eta zer da dirua? Asko laburbilduz, eraikuntza sozial bat. Nik zuri ez daukazun zerbait edo behar duzun zerbait ematen dizut, eta zuk niri dirua ematen didazu horren truke. Gero, nik, diru horrekin, ez daukadan edo behar dudan zerbait lortu ahal dut. Eta horrela, infinituraino.
Diruak bizitzeko behar ditugun gauza materialak lortzea ahalbidetzen digu: jana, aterpea, jantzia. Baita espiritualagoak direnak: musikaren gozotasuna, bidaiatzearen askatasuna, pelikula baten magia.
Baina zer gertatzen da bizitzeko behar ditugun gauza material zein ez-materialak diruz bakarrik lortu ahal ditugunean? Zer gertatzen da dirua arnasten dugun airea bezain funtsezko bihurtzen denean? Diruaren esklabo bihurtzen garela.
Tamalez, humanitateak historiako kapitulurik lazgarrienak bizi izan ditu diruaren esklabo bihurtu zen momentutik: mundu gerrak, gosea, banakoen hilketak zein herrien genozidioak, funtsezko eskubideen urraketak, errespetuaren eta maitasunaren izpi txikienaren desagerpena. Dirua lortzea baldin bada bizitzaren helburua, bost axola horretarako lagun hurkoaren burua zapaldu behar izatea!
Nola konpondu zentzugabekeria hau? Nire amamak beti esaten zuen – Grouchoren pareko ironiaz– berak segituan konponduko zuela arazoa, diruaren makina gau eta egunez martxan jarrita. Ez da ideia txarra, baina ni kontrakoan nago. Akaso, diruaren makina itzaltzeko ordua heldu da.
Diruan oinarritutako sistema baten menpe gaude; denboraren poderioz, gutxi batzuek euren onurarako moldatu duten sistema ustel batean preso. Hor goian, ukiezina gertatzen zaigun ekonomia global bat dago, multinazional handiek eta norbanako milioidunek osatua, euren dirutzak esponentzialki handitzera dedikatzen direnak; berdin zaie beste guztion lepotik egin behar badute ere.
Demokraziak, parlamentuak, gobernuak, epaitegiak eta komunikabideak erosi eta manipulatzeko gai dira. Euren interesen kontra sortutako iraultzak irentsi eta denboran irauteko gai dira. Zer eta injustizian, ustelkerian eta biolentzian oinarritutako sistema bat betikotzeko.
Eta bidegabekeria horri guztiorri eusten entitate finantzarioak daude. Banketxe sakrosantuak. 2008an historiako larrialdi handienetik libratu behar izan genituenak. Arka publikoak hustu eta gero, jasotako dirua gobernuetara itzuli beharrean, terrorismo fiskalaren benetako maisu bihurtu direnak.
Hor dauzkagu, atera berri, Pandoraren paperak. Iceberg ekonomikoaren puntatxo bat besterik ez, ugari dira-eta azken urteetan azaleratutako eskandaluak: subprime hipotekak, Panamako paperak, Falciani zerrenda… Zerga-ordainketari ihes egiten dioten aberatsen izenak ezkutatzen dituzte banketxeek. Pantaila-sozietateak eta filialak sortzen dizkiete, auskalo zelan irabazi duten dirutza paradisu fiskaletan gorde dezaten. Iruzur fiskalak asmatzen dituzte, herritarrak eta langileak estutzen dituzten bitartean.
Pandoraren paperak eta halako zerrendetan agertzen direnek –Espainiako errege emeritua, besteak beste– lasai asko aldarrikatu ahal dute: "Denok gara berdinak, gu izan ezik". Bai horixe! Ez dira, inolaz ere, herritar normalak. Adibide gisa, hor daukagu Bezos jauna, espaziora bidaiatzeko bere azken show lotsagarriarekin.
Eskerrak badagoen munduan benetan merezi duen jendea. Lagun hurkoa errespetatzen duen jendea. Herri eta kultura desberdinak baloratzen dituen jendea. Guztion ongizatea bilatzen duen jendea. Kontzientzia, espiritu kritikoa, enpatia eta elkartasuna adierazten duen jendea.
Asko dira, baina nik gertukoei eskerrak emateko aprobetxatuko dut. Aurten, hamar urte bete dira Harreman Dendan boluntariotza lana hasi zela. Lan isila, konprometitua, bestearekiko onbeharrean egina. Gure bailarako herritar asko izan dira azken hamar urteetan Harreman Denda egunero zabaldu dutenak. Eta gaur egun zabaltzen jarraitzen dutenak. Beste mundu hobeago batean sinesten dutelako. Botere ekonomikoei aurre egin behar zaiela badakitelako. Beste aukera askoren artean, Bidezko Merkataritza, bide berri eta justuagoak zabaltzeko baliagarria izan daitekeelako. Badagoelako zer egin aberatsen inpunitatearen aurrean. Beraiengatik topa egin nahi dut, horretxek ematen dit-eta, maitia, bihotzian poza.