Aniztasuna eta Mr. Potato

Erabiltzailearen aurpegia Marian Porcel Exposito 2021ko uzt. 18a, 00:00

Hemen nago, supermerkatuko pasillo luze batean, apaletan dauden patata frijituei begira. Mota guztietakoak daude: ondulatuak, gatzdunak, oliotan frijituak, poltsetan bilduak, tutuan, artisauak, baita light-ak ere. Zaporeak ugari: kipula, gazta, urdaiazpikoa, trufa, Verako pipermina eta baita Himalaiako gatz arrosarekin egindakoak ere. Kontsumo gizartearen abantailak. Aniztasuna eta dibertsifikazioa, a ze mauka!

Baina niri, hain da zabala aukera, bakarra aukeratu beharrak larrigura ematen dit. Ez al dago patata frijituak eta kitto daukan poltsarik?

Patata frijituekin gertatzen den bezala, dena katalogatzen da gure gizarte aurreratuan. Ez bakarrik kontsumorako produktuak. Pertsonak ere bai. Horrela, pertsonak ere kontsumorako gai bihurtuz.

Baina nork kontsumitzen gaitu gu? Ipini iezaiozue nahi duzuen izena: sistema, goi-klasea, entitate finantzarioak, dirua, Forbes aldizkariko aberatsak, Bill Gates edo Jeff Bezos… Nik Mr. Potato deituko diot, patatak gora eta behera gabiltzala aprobetxatuta.

Kontsumo gizarteak bakoitzaren ezaugarriak nabarmentzen ditu. Hau da, pertsonak hainbat gauza izan gaitezke: profesionalak, langileak, aktibista ekologistak, feministak, animalien eskubideen aldekoak, kirolariak, metrosexualak, runnerrak, genero bakoak, youtuberrak edota San Fermin kofradiako kideak. Gizartearen aniztasunaren eredu.

Baina, patatekin bezala, zalantza sortzen zait benetan gizarte moduan aniztasun horrek aberasten gaituen ala ez aztertzerakoan. Zer inporta zaio hartz polarrak salbatu nahi dituenari Kurdistango meatzarien borrokak? Zer inporta zaio afrikar askok jasaten duen gosetea queer mugimenduko partaide bati? Ezer gutxi axola zaiela esango nuke. Bakoitza bere borroka partikularrean sartuta, espazio publikoa desitxuratu egiten da pribatuak diren esparru txikiagoetan. Ez gaitezen engainatu: aniztasunak ez dio desberdina denari benetan aurrez aurre begiratzen. Eta Mr. Potato pozik. Mr. Potatori kontsumigarriak eta merkaturagarriak diren diferentziak bakarrik axola zaizkiolako.

Horixe gaurko marketin politikoa. Denon ongizateari begiratu beharrean, merkatu kuotei begiratzen dien politika. Mr. Potato eta bere lagunak goian mantendu, eta gu guztiok gero eta beherago bidaltzen gaituen politika.

Agerikoa da aberatsen eta pobreen arteko aldea gero eta handiagoa dela. Lurralde aurreratu askotan –Europa kasu– klase ertainaren desagerpena gertatzen ari da. Urte luzeen eta borroka ugariren ondoren lortutako eskubide asko galtzen ari dira. Betebeharrei dagokienez, pribilegiatu gutxi batzuek nahi dutena egiten dute, epaile askoren onarpenarekin. Eta injustizia horrek guztiak zer eragiten du gurean? Boterearen abusuaren aurrean zer? Akaso, iraultza mundiala hastear dago? Masen matxinada? Sentitzen dut, baina ez. Errebindikazio sektorialak bakarrik pizten dira han eta hemen, momentuko beharrei erantzunez. Bakoitza bere zilborrari begira.

Askotan galdetzen diot neure buruari mundu hobeago bat lortzerik ote dagoen. Printzipioz, gizakiaren ontasunean sinesten dut, sarritan inozo hutsa naizela pentsatzen badut ere.

Gertutasunean, denak gara berdinak. Denok dauzkagu behar berberak: elikadura, egurats zabaletik babesteko aterpea, hurbilekoen maitasuna. Ametsak ere antzekoak: gure eta ingurukoen ongizatea, betetzen gaituen zerbait egitea, zoriontsu bizitzea. Eta gertutasun horretatik, erraza da bestearekiko enpatia sentitzea; bere larruan jartzea eta bere izaera konprenitzea. Ez al da humanitatea herri bakar bat? Bestearekiko errespetuan eta justizian oinarritutako mundu bat antolatzea hain zaila ote da? Ez dut uste. Batzen gaituzten gauzetan jarri beharko genuke fokua, desberdintzen gaituenetan baino gehiago. "El pueblo unido, jamás será vencido", oihukatzen zuten kaleetan gure gurasoek, ez hain urruneko garaietan.

Eta gaur, hemen jarraitzen dut, supermerkatuko patata poltsei begira eta Mr. Potatoren barre algara maltzurra entzuten. Julio Cesarrek zioen moduan, "divide et impera!" oihukatzen du Mr. Potatok. Seguru nago ni inuzente galanta naizela uste duela. Ba, gauza bat esango diot: inuzentea izango naiz, baina zeruarekin amets egin behar, hegan egiteko.

Hotzikara batek harrapatu nau eta supermerkatutik ospa egin dut patatak erosi barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak