Gregor Samsaren metamorfosi harrigarriak

Erabiltzailearen aurpegia Marian Porcel Exposito 2021ko api. 25a, 00:00

Goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, Guatemalako gizon behartsu bihurturik aurkitu zuen bere burua. Gosearen arantzak nabaritzen zituen sabelean, eta lur hotzaren ziztadak bizkarrean. Bihotzeko tristurak uxatuta, altxatu eta bere bizitza miserablea errotik aldatuko zuela pentsatu zuen. Taula zaharrez egindako txabolatik atera, eta Hondurastik zetorren migratzaileen karabanaren zain geratu zen. Zazpi mila lagun inguruk osatutako giza katean murgildu zen handik gutxira, eta, bizitza duin baten esperantzan, Estatu Batuetara eramango zuen ibilbide luzeari ekin zion. Muga atzean utzi baino lehen, ordea, Guatemalako gobernatzaileek prebentzio egoera ezarri zuten. Zirudienez, migratzaileen karabanak arriskuan jar zitzakeen biztanleen bizitza, askatasuna, justizia, osasuna, bakea eta ondasunak. COVIDaren pandemia larriagotu ere bai. Eta pentsatu zuen: "Ez naiz ni, akaso, lurralde honetako biztanlea ere?". Erantzuna lortu baino lehen, poliziak jaurtitako ke-poto baten kolpe latza jaso zuen buruan. Eta lo seko geratu zen.

Hurrengo goizean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, Burkina Fasoko mutiko beltz bihurturik aurkitu zuen bere burua. Arroz apur bat jan gosaltzeko, ama agurtu eta eskolako bideari ekin zion. Hamar bat kilometroko lurralde bakarti bat gurutzatu behar zuen egunero, baina merezi zuen, etorkizunean injineru izan nahi zuelako. Goiz hartan, ordea, gizon batzuekin egin zuen topo. Indarrez kamioneta batean sartu, eta urrutiko landa eremu handi batean utzi zuten, bertako nagusiari berrehun dolar kobratu eta gero. Nagusiarekin landa eremuan barneratu zenean, bere gisako mutiko ugari ikusi zituen. Beraiek egiten zutena egitea agindu zion. Matxete bat hartu eta kakaoaren fruituak hartzen pasatu zuen egun osoa. Eguzkia erretiratzen zegoenean, lanaldi gogorra amaitutzat emanez, lurrean eseri zen atseden bila. Justu orduantxe agertu zen nagusia, eta oihu ikaragarria bota zion. Kikilduta, jo eta ke ekin zion berriro lanari, baina, nekearen erruz, matxetea eskutik labaindu, eta zangoa ebaki zuen. Konortea galdu zuen di-da batean.

Hurrengo goizean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, Bangladeshko neskatxa bihurturik aurkitu zuen bere burua. Berehala sumatu zuen egun seinalatua zela. Aita alde batetik bestera builaka zebilen, eta ama inoiz ikusi bako jantzirik politena atontzen zebilen. Esan ziotenez, ez zeukan eskolara joan beharrik; izan ere, ez zen gehiago eskolara joango. Eta horrek izugarri tristatu zuen. Gustukoa zuen eskolara joatea, bere adineko lagunekin egoten zelako eta gauza asko ikasten zituelako. Adi entzuten zituen maisuaren azalpenak, egunen batean berak ere irakasle izan nahi zuelako. Tamalez, irakasle izateko ametsa egun hartako zalapartak birrindu zuen. Bere ezkontza eguna zen, nahiz eta oraindik 13 urte besterik ez izan. Amak prestatutako sari dotorea jantzi, gauza apur batzuk zorrotxo batean sartu eta agur esan zion bere etxea izandako txabolari. Gurasoei jarraika, hiri kanpoaldeko auzo pobretik egun erdiko distantziara zegoen herrira heldu zen. Arrotza egin zitzaion, ez zuen inor ezagutzen. Eta, halere, ordutik aurrera han biziko zen, bertakoa baitzen bere senarra izango zen gizona. Eztei-jaian, senarrari begira gelditu zitzaion. Bere aita baino zaharragoa zirudien, ia-ia aitona bat. Orduan, neskatxaren gurasoek agur esan zioten, etxera bueltatzeko bide luzea zeukatela argudiatuta. "Gizon honekin bakarrik geratu beharko dut?", galdetu zion ikaratuta amari. Emakumearen begi tristeetan irakurri zuen erantzuna. Eta orduan, zorabiatu eta lurrera erori zen seko.

Hurrengo goizean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro beldurgarri bihurturik aurkitu zuen bere burua. Oskol antzeko bizkar gogorraren gainean zegoen, eta burua pixka bat jasoz ikusi zuen bere sabel konkor marroia… "Zer gertatu zait?", galdetu zion bere buruari. Harrituta, bere zango ugari eta meheak astindu zituen, zomorro bat zela ziurtatuz. "A ze zortea!", pentsatu zuen pozez gainezka. "Behingoagatik, zorioneko metamorfosia izan dut. Ni bezalakoen artean bizitza duina izango dut, nire espezieari dagokiona, eta ez dut gehiago gizakien bizi negargarria jasan beharko. Are gehiago, gizakiak aldaketa klimatikoaren erruz desagertzen badira, ez naute berriro inoiz zapalduko!".

Eta alai, ohetik jaitsi eta mundura atera zen. Libre.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak