Esan beharra daukat betidanik letrekiko joera izan dudala, baina, noski, ulertzen dut estatistika, grafiko eta datu baseak beharrezkoak direla jasaten ari garen pandemiari aurre egiteko. Datuak argi eta garbi ordenatzea eta herritarrei ematea nahitaezkoa da. Nola kudeatu diren, efikaziaz ala eragozpenekin, egiazkoak edo faltsuak diren, gardenak edo interesatuak, beste artikulu baterako ematen du. Zoritxarrez, susmoa daukat datuak pilatzen eta zabaltzen dituztenak ere zorabiatu egin direla zenbait momentutan. Halaber, datu metaketa amaigabe honetan nork ez du iparra galdu? Datuek, hotzean, ezer gutxi esaten dute konparaketarik egiten ez badugu. Ezin jakin kopuru bat asko ala gutxi den, gehiegi ala gutxiegi, beste kopuru batzuekin alderatzen ez badugu. Horregatik, konparaketa bat egitera ausartuko naiz, horrek hausnartzeko tartea emango digulakoan.
Benetan zer eragin izango du COVID-19aren pandemiak munduan? Argi dago pertsonen osasunean, gizartearen ongizatean, ekonomian, ingurugiroan, eta abarrean, eta abarrean eragingo duela. Baina egin dezagun ariketa xinple bat. Zer da pandemia honek ekarri dezakeen gauzarik okerrena? Populazioaren heriotza. Beraz, lotu gaitezen bakarrik datu horretara: zenbat pertsonak galduko dute bizitza gaitz berri honen ondorioz?
Pandemia mundu mailan deklaratu zen momentutik lerro hauek idazten nagoen momenturaino –ekainaren bukaera–, 500.000 hildako zenbatu dira mundu osoan. Ez dakigu zehazki zelakoa izango den COVID-19aren bilakaera, baina demagun martxa berean segitzen duela. Munduan, urtebetean, 1.700.000 pertsona inguruk bizia galduko duela ondorioztatu daiteke. Izugarria! Eta orain, egin dezagun konparazioa. Zenbat pertsona hiltzen dira desnutrizioz mundu osoan urtebetean? Mugarik Gabeko Medikuak-ek bere orrialdean publikatzen duenaren arabera –OMEren datuak erabiltzen ditu–: 3.000.000 haur baino gehiago hiltzen dira urtero desnutrizioagatik edo desnutrizioak dakartzan gaixotasunengatik. Hiru milioi haur baino gehiago urte bakarrean! Zergatik ez da inoiz oraingoa besteko iskanbilarik sortu?
Zergatik ez da deklaratu munduan alarma egoera bat desnutrizioa eta gosea amaitzeko? Nora begira daude mundu mailako osasun eta giza eskubideen erakundeak? Nora begira gobernuak? Nora begira gu? Akaso, gu garelako horren eragile, beste alde batera begiratzea hobe? Penagarria eta lotsagarria, benetan. Koronabirusaren kontrako erantzuna erabatekoa izan da, lehen munduan, hau da, lurralde aurreratuetan hedatu delako lehenengo. Horixe da nire uste apala. Aspaldi dabil desnutrizioaren mamua Afrika eta Asia hegoaldeko herrialdeetan barrena, baina hori ez zaio inori inporta. Nori axola zaizkio bizitza horiek? Zer gertatzen da arrautza bat edo okela zati bat eman ezin izateagatik semea hiltzen ikusten duten gurasoekin?
Eta orain, gure etorkizun propioaren beldurrez, bizitza galtzeko posibilitatea errealitate gordin bat bezala azaldu zaigun honetan, koronabirusaren kontrako neurriak zorrozki jarraitzeko exijituko diegu. Eskuak sarritan garbitu dezatela ura urrea baino preziatuagoa den lurraldeetan. Distantzia soziala mantentzea masifikatuta dauden errefuxiatu kanpamentuetan. Eta behin jarrita, zergatik ez eskatu egunero maskara bat erosi dezatela izkinako farmazian? Gure gizarte aberatsaren lotsaizunak inoiz baino ageriago jartzera etorri da koronabirusa. Gure kontraesan, pribilegio eta gehiegikeriak azaleraztera.
Gaixotasuna amaitzeko txertoaren bila, milaka milioi dolar, euro eta yuan gastatuko dira, gure ipurdi zuriak salbatzeko esperantzarekin. Farmazia-enpresa erraldoiek dirutza bat irabaziko dute, eta gobernuek diru publikoa xahutuko dute, beste behin, partxe bat jartzeko. Itxialdiak garrantzizkoak diren gaien inguruan erreflexionatzeko balio izan duela esan du askok. Pertsonen arteko maitasuna eta errespetua bultzatu behar dugula eta larrialdi honetatik gizarte moduan hobeagoak aterako garela sinestarazi nahi izan digute.
Tamalez, pentsamendu positiboak izatea eta paperetan ortzadarrak margotzea ez da nahikoa. Munduak behar duena injustiziaren aurkako txertoa da. Orain konturatu gara denok barku berean goazela, eta ekaitz honetatik denak batera aterako garela edo inor ez. Luzera begira, humanitate bezala biziraun nahi badugu, eskubide eta oportunitate berdintasuna, justizia soziala eta ekosistemaren oreka bermatu behar ditugu. Ezin dugu gehiago mantendu pertsonak eta natura esplotatzen dituen sistema sozioekonomikoa. Kapitalismoa eraitsi eta giza balioetan eta naturarekiko errespetuan oinarritutako mundua antolatu behar dugu. Ez dago besterik.
Egin zaitez Goiena Klubeko bazkide eta jaso 'Puntua' astero etxean