Agian, batzuentzat ezagunagoa, Johann Wolfgang von Goethe idazle alemaniarrak idatzitako moldaketagatik.
Nik beste moldaketa bat dakart oraingoan, berriagoa denboran, 2019koa, baina gai anakroniko eta unibertsala lantzen duena baita. The fate of Fausto: a painted fable. Euskarara ekarrita Faustoren patua: fabula margotua izan litekeena. Oliver Jeffers autore eta ilustratzaileak egindako lana da.
Liburuak harrokeriaz betetako Fausto protagonista irudikatzen du, berekoia, zekena, miserablea. Uste du bere inguruan ikusten duen guztia berea dela. "Zu nirea zara" esaten die loreari, ardiari, mendiari… bukaerarik gabe, ase ezinik, ohartu barik gehiegizko gutiziak norberaren erorketa dakarrela. Sentitzen dut spoiler-a izatea, baina hori da, azkenean, Faustori gertatzen zaiona, erori egiten dela.
Irudi lañoen bitartez, ia hitzik gabe, maisulan minimalista horrek gutizia, kolonialismoa, boterea eta ekologismoa azalarazten ditu. Ume baten begietan, oso posible da umea konturatzea Fausto inozoa dela, ergela, pentsatzen duelako dena dela berea, arnasten duen airea baita. Pentsatu nahiko nuke helduok ere irakurketa bera egiten dugula. Agian (gutxi) batzuek?
Faustoren patua-k fabula garratza dakarkigu, ezaguna eta gertukoa. Bertsio horretan Fausto azkenean erori egiten bada ere, bidean zapaltzen ditu lorea, ardia, mendia, zuhaitza, aintzira, Netanyahu palestinarrak zanpatzen ari den bezala, Konkordia Legeek frankismoan eta ondoren pairatutakoa ahantzarazi nahi duten bezala, edota gu geu, norbere desioak eta kapritxoak eskubide gisa aldarrikatuta, gure albokoa suntsitzen (uzten) ari garen bezala. Eroriko gara. Gure patua da. Gu ere Fausto gara.