Huskeria, ezta? Osakidetzan medikua den Iñaki Peñari lapurtu dizkiot gaurko izenburua eta gaia, hura eta hark eskainitako segundoak baitira gaurko protagonista nagusiak.
Stephen Trzeciak eta Anthony Mazzarelli medikuek (Cooper University Health Care, New Jersey) frogatu zuten pazientea errukiz tratatzeak, errukia erlijio-konnotaziorik gabe ulertuta, paziente eta medikuentzat, bientzat dela onuragarria. Diotenez, gaixoekin aritzen direnek arreta emozionala eskaintzen dutenean balio du mina eta antsietatea arintzeko, osatze prozesua bizkortzeko, kostu medikoak jaisteko eta asebetetze pertsonala sentitzeko.
Adimen artifizialarekin liluratuta, distraituta, gauden garaiotan, non tematuta gauden makina batek gizakien garunaren eta bere funtzionamenduaren ulermena areago dezan, izaki bizidunoi ahaztu egiten zaigu gizaki izatea. Kostatzen zaigu baita 40 segundo hartzea ere, eta, oraindik gehiago, enpatiarako. Oin-ohar gisa, enpatia da beste baten azalean jartzea versus gure ustez hark senti edo pentsa beharko lukeenaz doktrinatzea, sarri egiten dugun bezala. Indartzen dabilen praktika falta horretan murgilduta gaudela, agian, laster, horrenbeste miresmen sortzen duen Chat GPTri galdetu beharko diogu ea zer egin behar dugun hiltzear gaudela.
Iñaki Peña orain dela gutxi ezagutu nuen, aurrez aurre, ospitalean. Hunkitu egin ninduen haren zereginak albo batera utzi eta gure sendi maitearen amaieran gurekin egoteko tartea hartu izanak. Ez dakit 40 segundo bakarrik izan ziren, baina lagundu zigun mina pixka bat arintzen. Eta eskertuta gaude. Zorionez, Iñaki Peña bat baino gehiago dago Osakidetzan. Zoritxarrez, ez dira nahikoak. Zoritxarrez ere, egungo sanitarioen lan-baldintzek ez dute batere laguntzen.