Borroken borroka

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Muxika 2019ko uzt. 5a, 08:03

Bakoitzak bere txokoa du munduan. Bere txoko pribatu eta berezia. Bakarra.

Txoko horretatik hautua egin dezake: antzerako –edo desberdin– izan daitezkeen txokoak hobetzeko mugitu, edo bere txokoaz bakarrik arduratu. Betiere, bien arteko punturen batean gelditu daiteke, noski. Txoko honek inguruko besteekin kontaktua du derrigor. Gainera, inguruko hauen artean norberarentzat garrantzitsuak izan edo gorroto dituenak egon daitezke eta horrek eragin zuzena du hautu horretan.

Txoko hauen arteko antzekotasunak bilatu eta ildo komun bat lantzean, hobetzeko hautu kolektibo hori aldarrikapen edo borroka bihurtzen da. Badaude gaur egun gizartean ezagunak diren honelako hainbat mugimendu: feminismoa, abertzaletasuna, LGBTI+, komunismoa, ekologismoa…

Halere, nahiko xelebreak diruditen hainbat gatazka eratorri dira mugimendu hauen arteko erlazioetatik. Hauetako asko talde baten borrokarekiko atxikipen itsuaren eskarien ondorioz agertzen direla dirudi, non kritika egitea kontra egotea moduan interpretatzen den. Argi dago mugimendu bakoitzak bere lehentasunak dituela, baina ez al dira konpatibleak euren artean?

Mugimendu bateko partaide batzuek kide ez den edonor arerio gisa dutenean, zaila da hauek euren borrokara atxikimendua eskatzea ulertzea. Euren diskurtsoan arerioa baldin bada, nola izango da laguntzaile? Antzekotasunak eta elkartasuna bilatu beharrean berezitasunak lantzean, aliatuak lortu beharrean arerioak sortu nahi ote dituzten dirudi. Bereziena izatearen lehiaketak saririk ba al du? Helburua talde baten egoera hobetzea bada, beharrezkoa al da beste batzuk gutxiestea?

Zergatik eskatzen dute batzuek euren aldarrikapenekiko sumisioa, borroken arteko antzekotasunak landu eta kolaborazioak bilatu ordez? Ez al lituzkete mugimenduko kideek eurek kanporatu behar kaltegarri diruditen ildo horiek?

Borroken borrokan partaide denak galtzaile.

Nor irabazle?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak