Batek baino gehiagok ezagutu du dioenaren zergatia edo oinarria ulertzen ez duen pertsonaren bat ideia edo agenda bat defendatzen… baina konbentzitu daiteke inor horrela? Printzipioak ulertu gabe entzundakoak errepikatzen dituen loro hutsa izanda? Fedean oinarritutako diskurtsoek ibilbide motza dute; fededunen artean ez bada, behintzat.
Erakunde eta mugimenduetan, zuzendaritzarekiko iritzi ezberdina edo homogeneoa ez duten fedegabeak baztertuak edo isilduak izan ohi dira, baita eraldaketa edo autogestioa bilatzen dutenetan ere. Kritikak eraso moduan hartu eta alde batera utzi izan dira dibergenteak, nolabaiteko uniformizazio prozesuak sortuz. Nola da posible kideen formazio kritikoa honela? Ba al du zentzurik obedientzian hezitakoak iniziatiba eta mobilizazio grinarik ez dutenaz kexatzeak?
Irizpide horiei jarraiki, mugimenduak aginduak betetzen dituzten esker oneko jarraitzailez bete eta printzipioz hustu ote dira? Barneratu gabeko printzipioak marketin soilean utzi eta pragmatismo eta erosotasunaren izenean estrategia atzean uzten denean, egunerokoaren eta printzipioen arteko inkoherentziak agertzen dira: kooperatibako bazkide kooperatibistak, formazio gabeko ordezkariak –politikoak, sindikalak–…
Statu quo-aren baitako erakundeak gustura daude funtzionamendu honekin, baina aldaketa nahi dutenekin, zer? Ez al dago eraldaketa edo autogestioa bultzatzen duen mugimendurik jada?
Mantentzen denagatik eskerrak eman beharko genituzke edo beste bide batzuk bilatu?
Printzipiorik bai edo eskerra bakarrik?