Irakurgai bat

Lasaigarrien gizartea da gurea.

Nekez esnatu orduko gogaitzen gara. Gogaitzen dugu elkar. Jakinarazpenak eta erantzun gabeko mezuak.  25 orduko zereginak, eta kontsumoa. Kontsumitzeko lan egin, eta lanarekin kontsumitu. Pilulak lotarako, eta bihar arte, aio.

Eska iezadazu tarte horretan, lasai eseri eta irakurtzeko. Niretzat, eta txikientzat. Gogaikarria, ezta? Estatistika fidagarrienek diote irakurtzea gehiengoak maite duela. Horrek ez du esan nahi, baina, irakurtzen dugunik. Irakurle kopurua ez da hain nabarmen gutxitu; irakurgaiak aldatu dira. Hizkuntzaren eta ortografiaren inguruko ezagutza nabarmen jaitsi dela diote.

Elkarrekin irakurtzearen onurak aipatzen dizkigute iturri fidagarriek, gela bilerek eta pedagogoek. Ez da denbora galtzea, eta maitasuna ere bada. Zertarako, baina, pantailak edukita? Zein eraginkorrak diren etxean lasai egoteko, otorduetarako, edo kotxez bidaiatzeko. Gainera, zenbat ikasten duten.

Etorkizuneko liburuek kontatuko dute nola aspaldi galdu zuten haurrek pazientzia eta kontzentrazioa. Irudiak behar dituztela ahoz kontatutako ipuinak ulertzeko. Ze irudimen gutxi duten, baina zein ondo dakizkiten ingelesezko hitzak, telefonoko jolasei esker.

Memoria guztia Googlen artxibatzen dutela, eta ChatGPTk arrazoitzen dizkiela pentsamenduak. Lau master eta doktoretza bat erraz gainditzen dituztela. Dirutza ordainduta, baina ezer ulertzeko beharrik gabe.

Ez diezaiegula msdez liburu horiei arrazoia eman. Irudimenarekin eta malabarrak eginez, eskaini ahal diezaiokegu irakurketari merezi duen denbora? Esadazu: testu hau oso-osorik irakurri duzu? Ohartu zara msdez idatzi dudala, zure arreta neur dezazun? H-rekin idazten da arreta?

Gogaikarri samar esnatu naiz gaur. Umeak pantailari begira jarri beharko nituzke testuak patxadaz eta umorez idatzi ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak