Esku bat behar

Gu, Irulegiko eskuaren izenean eskubideak irabaziko genituela uste genuen Zorionekoak.

Nondik gatozen jakin ez eta aurrera begiratzeko arazoak ditugunak. Ebidentziak, usteak, teoriak eta iragarpenak. Borroka ideologikoa hemen ere.

Beste behin, eskua eskaini eta belarrondokoa jaso dugun zorigaiztokoak. Eskuaren brontzezko atzamarrak kontatzen genbiltzan bitartean eskubideak kendu dizkigutenak gara.

Nor gara gu?, abesten dute, gitarra lagun. Gu gara, euskaraz hitz egin diezaguten txapa bat jarri behar izaten dugun berberak. Oinez, Urratsez urrats edo Korrika, Gure Esku dagoen guztia egiten dihardugunak. Eguneroko ogia euskaraz eskuratu ezin izaten dugunak. Eta euskaraz ari garelakoan gazteleraz hizketan gabiltzanak.

Ume honek non ikasi du gazteleraz hitz egiten?, dio, harrituta, esaldi bakarrean gaztelerazko hogei hitz eta euskarazkoak hiruzpalau erabili dituenak. Apur bat geroago, si eta no esatera animatu du nire haurra hark, bihurrikeria bat erakutsiko balio bezala. Eta hala ulertu du haurrak ere. Gaiztakeriak erakarrita, kaka, pitito eta qué asco-ren  zerrendan gordeko ditu biak. Ze ondo datozkion helduei barre eginarazteko. Hari esker aritu naiz etxean haurrari euskaraz hitz egin beharko lukeela azaltzen. Balioak, transmisioa, erabilera eta historia. Nola eta noiztik azaldu.

Sorion betean, eskuekin bete genituen kamisetak, poltsak eta sare sozialak. Eta garrantzia badu, noski. Nor garen azaldu beharrak itotzen gaitu dendan, lantokian, kiroldegian eta atzerrian. Sinboloak edo ebidentziak erabiltzeak gure argudioak indartzen dituela dirudi. Badugu zerbait indartsuaren beharra, zapaldu ez gaitzaten.

Baina ez dezagun ahaztu nora goazen. Nor garen hausnartu eta horrekin koherenteak izaten. Erabiliz defendatu. Eskuak burura eraman baino lehen, arren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak