Etxeetako apalak biziberritu daitezen, Durangoko kaleak liburutegi bihurtzen dira, musika noiznahi oholtzaratzen da, bisitariak eta artistak bereizi ezin bihurtzen dira, eta tabernak… tira, tabernak antzera.
Durango euskaldunaren plaza DA abenduan. Pisuan neur daiteke euskalduntasuna. Disko eta aldizkariak gramoka, eta liburuak kiloka. Urteroko agenda erosi eta postuetako pegatina guztiak biltzen dituztenak, milaka izan arren, ezin balantzara igo.
Hala ere, dudarik gabe, sortzaileek daramate pisurik astunena. Sortze prozesuak dakarren zamarekin alderatuta, norberaren lana publiko egiteak arin-arina dirudi. Arintasun desberdinarekin bizi dute, ordea, batzuek eta besteek. Plaza-gizonek, eta plaza-andreek. Kultura plazaratzeak norbere burua azaleratzea eskatzen baitu. Jendaurrean fisikoki azaldu, zer egiten duzun erakutsi, eta horren guztiorren balorazio moduko bat txalotan jaso.
Oholtza inguruan sartu-irtenean dabiltzan plaza-andreek zenbatetan egiaztatu behar izan ote dute eurak direla artistak, ez direla inoren bikotekide edo laguntzaile. Zenbatetan entzun ote dute emakume izateko oholtzan jarrera ausarta daukatela. Behin eta berriz telonero sentiaraziak izan, berdintasunaren ukituaren izenean. Nor ote noren telonero?
Sakoneko zaurietan sartu gabe, ordea, BADA itxaropenerako moduko kultura eskaintzarik. Erdi-orekatua, euskalduna, anitza eta irekia den katalogoa DA aurtengoa. Katalogo hori eraman dezagun plazara, beraz, konplexurik gabe, eta naturaltasun osoz. Bailarako ekimen interesgarri bati erreferentzia eginez, Ez donk amaitu, eta ez DA-dila eten!