Ohartzerako lekualdatzen gara sehaskako barra gorrietara, itxitura koloretsuetara, eta gero, parkeetako zaintzapeko esparruetara. Mundu zabalera. Zabaltasun estu samarrera.
Baina geldi, egizue eten bat, behin haurtzaroko garaiko irudi pozgarri honetara helduta. Deitu egiozue sehaskari litera, eta parkeari patio. Jarri tonu ilun eta zikinagoa. Zuen irudimen baikorretan sortu duzuen eszena hori zein espaziotara daramazue orain? Marrak ez ote dira gorriagoak? Barroteak ez al dirudite?
Deitu egiozue muga, marra gorri edo itxiera perimetral. Azalera jakin bateko perimetroak dira guztiak ere, bihurgune desberdinekin. Zorte apur batekin, naturak hala erabakitakoak, edo kartografo boteretsuen arkatzek bestetan. Naturalak izan edo ez, garai honetako itxiera perimetralak arkatz lodiarekin marraztutakoak dira.
Eta marrak gorritu eta loditzen dizkiguten bakoitzeko, bihurguneetan pilatzen gara guztiok, mugarrietara adi, pauso bat aurrera noiz emango zain. Apur bat bihurrituta honezkero, zintzo gehienean.
Saiatu al zarete inoiz sehaskako haur bati mugak jartzen? Justifikatzen zailak edo sinesgaitzak dira arauak haientzat. Beti nahiko dute mugaz kanpoko hori. Ba, horrela gabiltza geu ere. Justifikaezinak izango dira gure nahiak, baina bihurrikeriatan hasteko gogoa geldiezina da. Ez haurrak, eta ezta geu ere, ez gara gaiztoak, bihurriak besterik ez gara. Gaiztotasunerako muga estua da, ordea, eta inork ez du nahi sehaskara itzuli, ezta?