Zer diren aurreiritziak. Bere biografia osatzeko gai izan naiz begirada bakarrean. Langilea izateko denbora gehiegi zeraman bertan. Zer egin ez dakien jubilatua izateko, berriz, gutxiegi. Gaztea izateko haserretuegi dago munduarekin, eta zaharra izateko, mundua aldatzeko gogoa handiegia.
Gaztea balitz, biltzeko tabakoa erreko luke, eta zaharra izatekotan, purua. Bata bestearen segidan erre ditu aurrefabrikatutako zigarroak. Bere azal beltzaran eta zimurtuak kalean ordu luzez lan egin izana salatzen du. Gizarteak baztertu egiten duela kexu da.
Zer diren aurreiritziak. Zuek irakurleok, zenbatek irudikatu duzue gizonezkoa arkupeetan eserita zegoen hori? Kasualitatea benetan.
Euskarak ez omen du generorik desberdintzen. Hala ere, jarrera egokia eta edukazioa erakusteari gizalegez jokatzea deitzen zaio, eta leuntasunez, apaltasunez jarduteari, emeki. Giza-legez eta eme-ki. Beste kasualitate bat.
Euskarak ez du generorik desberdinduko, baina gure buruetako hizkuntzak, ordea, gehiegitan eta oharkabean. Beraz, gure ahotan plazandreak eta etxeko gizonak hitzak naturaltasunez erabili nahi baditugu, bide zuzenetik goaz, baina oraindik badago bidea egiteko. Kasualitatea gai honi buruz jardutea gaurko egunez, ezta?