Lehen iraultza (1.0): lurrun-makinek ekarri zuten, eta ehungintzan garatu zen; eskulanetik makinekin produzitzera.
Bigarren iraultza (2.0): muntaia-lineak masiboki ekoizteko, telegrafoa eta telefonoa izan ziren modan.
Hirugarren iraultza (3.0): digitalizazioa, ordenagailuak eta automatizazioa Internetekin batera izan ziren eta izaten ari dira gure bizitza astindu dutenak, industriaren garapenerako.
Laugarren iraultza (4.0): robotika-sistemak, Internet eta big data –datu masiboen erabilera, prozesuak hobetzeko–, telefono mugikor adimendunak, 3D inpresioa eta abar.
Bosgarren iraultza (5.0): laugarrena hobetzea, teknologia berriak eta adimen artifiziala erabilita, pertsonak ahalduntzeko makinen eta pertsonen arteko hibridazioa lortuz, langileen eta makinen arteko elkarlana hobetuz, balio soziala handitzeko irabazien gainetik. Ongizate pertsonala eta anbientala irabazien gainetik jarriz. Estresa eta esfortzuak gutxitzea teknologia berriak erabiliz. Pertsonek eta ekologiak garrantzi handiagoa izango dute.
Trantsizio hori hiru esparrutan egiten ari da: pertsonen lana leuntzea eta erraztea, digitalizazioa eta planeta berdeagoa. Pertsonak eta planeta aurretik jarriz. Produktibitatea gehituz, talentua erakarriz eta enpresa erresilienteagoa eginez.
Baina Industria 5.0 horrek hezkuntza eta formakuntza handiagoa eskatzen du langileentzat, eta, lanpostu atseginagoak sortzeko, enpresek aldatu egin beharko dute, talentua mantendu nahi baldin badute eta berria erakarri.
Arazo nagusia da enpresen ugazabak eta kapital-enpresa asko ez direla oraindik konturatu mundu berri baten aurrean gaudela eta langileek, herrialde garatuetan, behintzat, pertsona baloratzea nahi dutela, oreka bat eskatuz pertsonengan, eta ongizatean inbertitzea, enpresari bere lana eta jakintza eman behar baldin badio. Gai honetan kooperatibetan aurretik goaz, oinarrizko balioetan pertsonaren eta gizartearen ongizatea balantza berean jartzen baitira emaitzekin, enpresa eta proiektu sostengarria egin nahi baldin badugu.