Galizian ere aldaketa dator

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2024ko mar. 1a, 00:00

Nahiz eta Galiziako hauteskundeak Alderdi Popularrak irabazi dituen, aldaketa datorrela ikusten da.

Bi alderdi nagusi finkatu dira –Euskal Autonomia Erkidegoan bezala (EAJ eta EH Bildu)–: Alderdi Popularra (PP) eta Bloque Nacionalista Galego (BNG).

Alderdi Sozialistak hirugarren taldea izaten jarraitzen du –bost parlamentari galdu ditu, eta bederatzi bakarrik lortu–. Sumar eta Podemos alderdiak banatuta joan dira, eta horrek ez die mesederik egin: desagertu egin dira, eskuin muturra bezala.

Baina PPk bi parlamentari galdu ditu eta BNGk sei irabazi, eta horixe da aldaketa nagusia etorkizunera begira. BNG erreferente bihurtu da Galizian, aldaketa sozialen eta ezkerreko komunitatearen ikuspegitik.

PPk eta eskuin muturrak 732.984 boto batu dituzte eta ezkerreko BNG, Sozialistak, Sumar eta Podemos batuta, 706.790 boto. Beraz, ikusten da 26.000 botoko diferentzia txikia dagoela eskuinaren eta ezkerraren artean eta BNGk etorkizun oparoa izan dezakeela, aurreko hauteskundeekin konparatuz bikoiztu egin dituelako botoak.

Garbi ikusten da Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian Espainiarekin konparatuz pentsamolde desberdina dagoela eta alderdi nagusiak ez direla berdinak. Espainiako Parlamentuan PP eta PSOE dira nagusi, nabarmen, baina beste herrialde batzuetan alderdi soberanistek zeresan handia dute. Eta ikuspegi hori hurrengo hauteskunde orokorretan islatuko da, ziur asko, BNG ere euskal alderdiekin eta alderdi katalanekin indar bateratua izango delako Madrilgo Parlamentuan.

Galizia orain arte ez dugu kontuan izan, uste genuelako haren subiranotasun asmoa galduta edo lotan zegoela. Madrilgo Kongresuan BNGk parlamentari bat bakarrik dauka, eta ez du ahotsik, talde mistoan dagoelako. Baina galiziar herria piztu edo esnatu egin dela dirudi, eta luzarorako izango da, ziur. 

Ongi etorri berriro bizitza politikora eta eskerrik asko guri ere itxaropena eta alaitasuna ekartzeagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak