Autogestioa eta udal hauteskundeak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2023ko mai. 26a, 00:00

Askoren ustez, autogestioa edozein arlotan –bai enpresan eta baita politikan eta gizartean– aurrerakoia da gizarte hobe eta garatua sortzerakoan.

Baina garbi dago guztiak ez datozela bat ideia horrekin gizartea antolatzerakoan.

Alderdi politiko batzuei ez zaie interesatzen pertsonak ahalduntzea eta gizartea garatzea, nahiz eta beraien programa eta asmo politikoetan horrelako zerbait adierazi, baina bene-benetan nahiago dute beraiek agindu eta gizartea artalde bezala mantendu.

Enpresa munduan ere berdin gertatzen da, eta enpresari gehienei ez zaie interesatzen langileen parte-hartzea propietatean eta irabazietan; eta gestioan ere, maila mugatuan bakarrik. Kooperatibak enpresa autogestionarioak dira, bazkide guztiek parte hartzen dutelako hiru esparruetan. Hala ere, denok dakigu kooperatiba batzuetan gestioan parte-hartze mugatua izaten dela, barneko kulturak ez duelako laguntzen.

Autogestioari ikuspegi askotatik begiratu dakioke: enpresan, ekonomian, arlo sozialean, energian… Baina denek oinarri bat daukate: zeuk edo zeure taldeak egitea zeuen kontura, eta inoren menpe egon gabe.

Gaur egun, sarritan entzuten dugu trantsizio klimatikoa eta energetikoa, ekologikoa edo berdea, trantsizio digitala eta abar, baina sakoneko aldaketa guztiek autogestioaren erabilpena dakarte, benetako aldaketa nahi baldin badugu lortu. Komunitate energetikoen kooperatibak sortzen ari gara Debagoienean, eta guk geuk sortuko dugu energia eguzki-panelen bitartez eta geuk gestionatu beharko dugu guztia. Zero kilometroko energia erabili gure etxeetan eta enpresetan. Momentu oso garrantzitsuan gaude herritarrak ahalduntzeko. Eta horrela beharko genuke janari kontuan eta produktu eta zerbitzuetan, arazo klimatikoa konpontzeko.

Udalei begira ere talde demokratikoak eta parte-hartzaileak aukeratu beharko genituzke, eta herriaren parte-hartzea bultzatuko dutenak. Bakoitzak ikusi behar du ikuspegi kritikoarekin zein alderdi politikok defendatuko duen herriaren ahalduntzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak