Udazken 'beroa'?

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2022ko ira. 11a, 00:00

Udako oporrak pasatu ondoren ia beti esaten digute udazken beroa izango dugula, ekonomia okerrera doalako eta sindikatuek indar berriarekin hasten dutelako ikasturte berria.

Eta, gehienetan, ez da horrenbesteko gogorra izaten. Baina oraingoan, ekonomialari gehienek eta estatuen mailako politikari guztiek beldur handiz azaltzen digute ekonomia okerrera doala eta langile klaseak eta gizarte sozial zabalak krisia hezurretan pairatuko dugula.

Arrazoi batzuk bistan ditugu; adibidez, %10eko inflazioa daukagu Euskadin eta Europa osoan. Eta langileen soldatak oso gutxi igotzen ari dira. Pentsioak ere gutxiago igoko dira, eta, gainera, igoera atzeratuta dator, jadanik prezio berriak ordaintzen ari garelako iazko diruekin. Gasa eta argindarra garestituta daude, eta ez dakigu non bukatuko duten. Janari eta produktu guztiak garestiago daude.

Sindikatuak motorrak berotzen ari dira eta greba ugari izango ditugu udazken honetan, lan-hitzarmen kolektiboak negoziatzen ari direlako eta enpresarien patronalak enpresen irabaziak ziurtatu nahi dituelako. Etorkizun ziurgabetasunak enpresen inbertsioak gelditzera dakartza. Langabezia gehitu egingo da eta, gehienetan bezala, langileek eta herritar gehienek sufrituko dute.

Maileguen interesak gora egiten ari dira dirua garestituz, eta gero eta zailagoa da inbertsioak egitea, bai enpresetan eta baita norbanakoek etxea erosteko edota konpontzeko.

Urte honen bukaerarako ekonomiaren atzeraldia aurreikusten da Europa osoan, eta gu ez gara ibiliko urruti. Atzeraldi teknikoa –bi hiruhileko segidako Barne Produktu Gordinaren jaitsiera gertatzen denean– aurtengo eta datorren urteko hasierako hiruhilekoan gerta daitekeela aurreikusten dute ekonomialari askok.

Eta txarrena da gobernuen inbertsioak armak erostera eta gastu militarra handitzera bideratuko dituztela mundu osoan. Gure ongizate soziala kolokan jarriko da –jartzen ari da jadanik–, osasungintzari eta ongizate sozialari aurrekontua gutxituz. Berdin ari dira hezkuntzari begira. Mende honetan edukazioaren beharra handiagoa izango da, aldaketak handiak eta berehalakoak izaten ari direlako, eta Hirugarren Iraultza Industrialari erantzun egokia emateko. Hirugarren Iraultza honek erregai fosilen bukaera ekarriko du, aldaketa klimatiko nabarmenean sartuta gaudelako. Iraultza honek teknologia berrien ikasketak ekarriko ditu, energia berriztagarriak ezagutzea eta garatzea, eta azpiegitura berriak –inteligenteak– garatzea. Enpresa guztiek bide honetatik abiatu beharko lukete, eta zero karbono garaira pasatu.

Soluzio bat argindarraren arloan dago, guk geuk produzituz etxean, edo komunitatean edota eskualdean. Ekiola Leintz Bailara proiektua oso aproposa da gure independentzia energetikoa lortzeko, eta, behin hori lortuta, gasaren dependentzia ere gutxitu, sistema elektrikoetara pasatuz ur beroa eta kalefakzioa etxean merke edukitzeko. Dakizuenez, proiektu hau martxan dago eta Gabonetarako eguzki-panelak jartzen hasteko asmoa daukate Arrasateko Garaia Teknologia Parkean. Guztiok izena ematea proiektu honetan garrantzitsua da, erregai fosilak gutxitzeko eta berotegi-efektua eta aldaketa klimatikoa gelditzeko.

Eta maila sozialean, berriz, soluziorik onena batera ibiltzea da. Gure lagunen artean, etxeko komunitatean, auzoan eta herrian egoera latzak gerta daitezke lanik gabe egoteagatik edota pobrezia energetikoan ere berogailurik gabe, eta adi egon behar dugu denok inguruan gertatzen denarekin, elkarri laguntzeko. Arizmendiarrietak esaten zuen bakarrik baino elkartuta urrutiago helduko ginela, bai enpresa mailan eta baita gizartean, eta horregatik bultzatu zituen kooperatibak, denok berdintasunean lan egiteko eta kooperatiben arteko kooperazio taldea sortuz. Eta herri sano batek ezin ditu utzi baztertuta batzuk eta besteok aurrera egin. Gizarte inteligentea eta aberatsa denok batera aurrera egiten duena da. Eta herritarrok jakingo dugu udazken eta negu honetan ere bide egokia aurkitzen krisi guztiei aurre eginez. Hala izan dadila.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak