Zilarrezko ekonomia

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2022ko mai. 8a, 00:00

Jubilatuak gero eta gehiago gara gizarte honetan, bizitza luzatzen doalako urterik urtera. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi-itxaropena 80,7 urtekoa da gizonezkoentzat eta 86,3 urtekoa emakumezkoentzat, nahiz eta azken bi urteetan ia bi urte jaitsi den, pandemiaren eraginez. %36 gara 55 urtetik gorakoak, eta 2030erako %45 izatea espero da. Silver economy deritzon multzoa gero eta garrantzitsuagoa da, eta izaten jarraituko du, ekonomian eta gizartean.

Eta Gipuzkoan hasi dira proiektuak garatzen etorkizunean hobeto bizi ahal izateko. Hamahiru proiektu jarri dira martxan, Aldundiak eta Adinberri fundazio publikoak onartuta, Gipuzkoako enpresa batzuekin batera. Askotariko enpresak dira sektore honetan lan egiten dutenak eta jadanik Barne Produktu Gordinaren %5,5 da –1.472 miloi euro– eta enpleguaren %9 –32.000 lanpostu–. Debagoieneko hiru kooperatiba sartu dira hamahiru proiektu horien artean.

Bizkaiko Aldundiak Bilbon sortu berri du Nagusi Intelligence Center, prestakuntza, sorkuntza, digitalizazioa eta sektore industrialarekin sinergiak lortzeko. Eta prestakuntza plan horretan, Mondragon Unibertsitateak hiru master sortu ditu zilarrezko ekonomiari buruz. Garbi dago erronka sozial eta ekonomiko itzela daukagula hurrengo urteetan eta guztion ardura dela, bai helduona eta baita langile gazteena, erakunde publikoena eta baita enpresa pribatuena, garapen sozialaren ardura ere baitaukate, eta hezkuntza erakundeena eta unibertsitateena.

Pertsona helduak hasi dira antolatzen: eskubideak eskatu dituzte eta talde indarra hartu dute. Lehen ekintza arrakastatsua bankuen aurkakoa izan da: bulego batzuk berriro irekiarazi dituzte, zuzeneko arreta eskain diezaieten bezeroei; batez ere, helduei. Carlos San Juan pentsiodun helduak 600.000 boto batu zituen eta bankuei esan zien: "Nagusia naiz, ez tentela". Eskatu zuen errespetuz eta pertsona bezala tratatzeko pentsiodun guztiak. Eta alderdi politiko guztiak adi-adi ari dira jubilatu multzo handiari begiratuz botoen bila. Oraindik ez da sortu jubilatuen alderdi politikorik hemen, baina epe ertainean ikusiko ditugulakoan nago, lehen kaltetuak pentsiodunak izango baitira datorren krisi ekonomikoarekin. Espainiako Estatuan ez geunden irtenda pandemiak sortu duen ekonomiaren beherakadatik –2020an produkzioaren %11 gutxiago–, eta orain, 2022an, ekonomiaren hazkundea ikusten zenean, Ukrainako gerrak frenatu egingo du ekonomiaren igoera, eta inflazio tasen handitzeak okerrera eramango gaitu.

Europan 2060rako biztanleen hirutik bat 65 urtetik gorakoa izango da eta zilarrezko ekonomiaren motorra izango da. Jadanik jubilatuen patrimonioa gazte millennial-ena baino hamar aldiz handiagoa da. 

Zilarrezko ekonomia edo silver economy pertsona helduen beharrizanei erantzuteko ekintza ekonomikoak, produktuak eta zerbitzuak eskaintzea litzateke. Helduen kontsumitzeko aukera handiak dira, eta hauek dira haien profilak: erosahalmen handia daukate eta karga ekonomikoz libre daude gehienak –etxea aspaldi erosita eta ordainduta daukate–; zaintzea eta kirola egitea gustatzen zaie, ondo jatea eta bidaiatzea; denbora libre luzea daukate eta elkarrekin batzeko eta ekintza sozialetan parte hartzeko gogoa daukate; eta elkar laguntzarako erakundeetan parte hartzeko prest daude.

Baina etorkizunean, zilarrezko ekonomiaren giltza garrantzitsuena berrikuntza teknologikoa izango da. Osasun aparailuak eta botika berriak produzitzea gero eta garrantzitsuagoa izango da. Gerontoteknologia garrantzitsua izango da gizartearen zahartzerako teknologia garatzeko, eta lanbide berri eta zerbitzu asko sortuko dira helduak zaintzeko. Eta helduen osasun arreta hobetzeko eta independentzia mantentzeko administrazioan inbertsio handiak egingo dira.

Jose Maria Arizmendiarrieta pentsalari eta aktibista kooperatiboak hauxe dio Gogoeta liburuxkan, 64. esaldian: "Ez erretiroa hartzeari". Garbi zeukan lana uzterakoan jubilazio aktiboa bultzatu behar zela, kulturan eta hezkuntzan sakonduz, ortuko lanak eta autoprodukzioa eginez aktibo mantentzeko bizitza osoan, eta duela hirurogei urte aurreratu zigun ortu kolektiboak jarri beharko genituzkeela herri guztien inguruko ortuetan. Jubilazioak aktiboa izan behar du, baita jubilatuen eskubideak eskatzeko eta ikustarazteko herriari eta administrazioari hemen gaudela talde handi bat eskubide sozialekin.

Gero eta gehiago hitz egingo da zilarrezko ekonomiaz; hau da, pertsona helduen eta nagusien ahalmen ekonomiko eta sozialaz. Behar bezalako errespetua eta arreta merezi baitute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak