Baina arazo nagusia murgiltze eredua kolokan jartzea litzateke. Madrildik eta Paristik gogor ari dira politikari eskuindarrak murgiltze linguistikoaren ereduaren aurka. Oraingoan, katalanaren aurka ari dira aukera askatasunaren izenean berbaldi sutsu menderatzaileak botatzen eta giro txarra sortzen biztanleriaren artean. XX. mendeko erdialdean, espainol etorkinen uholdea gertatu zen Kataluniara eta Euskal Herrira, eta murgiltze linguistikoari esker gizarte bateratuak lortu izan dira herrialde bietan; prozesu positiboa izan da, dudarik gabe. Baina orain, kanpoko etorkinen beste uholde bat dagoenez, balio espainolen integrazio bat eragin nahi dute, eta gizartea bitan banatzeko arriskua dago. Euskarak eta gizarteak osotasunean atzerakada handia pairatu lezakete.
Iparraldean ere arazo bera daukate hezkuntzan. Frantziako Gobernu zentralistak frantses hizkuntza ezarri nahi du eskolan, eta laguntzak kendu eta lege bateratzailea jarri Estatu osorako. Horregatik elkartu dira bretoiak, okzitaniarrak, katalanak, alsaziarrak eta euskaldunak murgiltze eredua eskatuz. Garbi dago ume guztiak euren herrialdeko hizkuntzan ikasten hasten diren arren, bigarren hezkuntza, hau da, frantsesa edo gaztelania, berehalaxe ikasten dutela, eta inperioko hizkuntzak ez duela beldurrik izan behar. Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleak –eta Estatuko ezkerrekoek hola-nola lagunduz– borrokan hasi dira eskumako alderdi integratzaileen aurka murgiltze eredua defendatuz.
Bestalde, sare sozial digitalen garaia da eta hizkuntza nagusiek txikia jaten dute. Horrela da mandarin-txinerarekin, ingelesarekin eta gaztelaniarekin. Euskara erabiltzen da sare sozialetan, baina ez horrenbeste. Pertsona asko sartzen denez sarean harremanetarako, beti jo behar izaten dugu besteen hizkuntzara, gaztelaniara edo ingelesera, eta euskara galtzen irteten da. Une garrantzitsuan gaude hizkuntza minorizatuak salbatzeko.
Eta horrekin lotura handia du ikus-entzunezko munduak ere. Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra erabakitzen dabiltza une honetan, eta alderdi euskaldunek eta katalanek %6 izatea nahi dute 2022tik aurrera sortuko den ikus-entzunezkoen produkzioan. Disneyk, Netflixek, HBOk eta streaming bidezko plataformek sortzen duten produkzioak hizkuntza minorizatuan izan beharko du %6, gutxienez, legea horrela onartzen baldin bada.
Argi-izpi interesgarriak sortzen ari dira gai honetan. Badago herri plataforma berri bat, Pantailak Euskaraz izenekoa –joan den abenduan sortua–, euskara bideogintzan eta zineman sartzeko eskatzen duena, Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz eta beste erakunde eta proiektu asko elkartzen dituena. Eta, beharbada, horregatik-edo, aste honetan Amazon enpresa erraldoiak argitara eman du euskarara itzultzen hasiko dela berak sortzen dituen edukiak edota bere eskuetan dauden produkzioak. Beharrezkoa da streaming bidezko etxe horiek euskarazko katalogo zabala edukitzea, batez ere, umeei eta gazteei begirako produkzioetan, gure hizkuntzaren etorkizuna ziurtatu nahi baldin badugu. Denok adi eta aktibo egon beharko dugu, guraso eta euskaltzale guztiok, pelikula asko euskaraz ikus ditzagun.
TVEren programazio erregionalean ere borroka dator produkzio zati bat euskaraz ziurtatzeko, telebista publikoa baita eta guztion diruaz hornitzen delako. Urte hau eta hurrengoak ere beroak izango ditugu euskararen etorkizuna ziurtatzeko, bai hezkuntzan murgiltze eredua bermatzeko eta baita telebista eta ikusentzunezkoen munduan. Euskaraldia ere urte honetan izango dugu berriro, udazkeneko ekintzekin, eta enpresek eta erakundeek eta banakako pertsonok ere parte hartu beharko dugu herri mailan eta lan munduan sortzen diren ekintza guztietan. Euskara elkarteek inoiz baino gehiago daukate zeregin handia borroka honetan, eta denok animatzen zaituztet zuon herrietako ekintzetan eta taldeetan parte hartzera. Euskarak denon ekintzailetza beharko du. Horregatik esaten dut tituluan euskaraz ala erdaraz nahi dugun bizi. Nik egin dut aukera, eta aurrera beti.