Produktuen garraioa ere arazo handi bihurtzen ari da, Asiatik Mendebaldera ekartzeko garestitu egiten ari delako. Erresuma Batuan, adibidez, brexit-aren ondorioz muga libreen itxierak garraio arazoak eragin ditu, eta produktu jangarrien faltan daude.
Eta energia garestitzea pobrezia energetikoa eragiten ari da familia askorengan.
Espainiako Estatuan, energia sortzearen %80 eta haren komertzializazioaren %90 bost enpresa erraldoik kontrolatzen dute: Iberdrola, Endesa, Naturgy –lehen, Gas Natural Fenosa–, EDP eta EON. Erraldoiak direnez, Gobernuak baino indar handiagoa daukate prezioa jartzerakoan, eta irabazi handiekin jarraitzen dute.
Garbi daukat energia sortzeko lehengai fosilak eta nuklearra ezin direla izan etorkizuneko energia. Energia berriztagarriek izan behar dute etorkizuneko energia –eguzkiarena, haizearena, urarena, biomasa...–. Bada jadanik herrialderik, adibidez, Costa Rica, %98 energia berriztagarrietatik sortzen dutenak.
Eta hemengo energia oligopolio handiak ere konturatu dira berriztagarrien etorkizunaz, eta energia sortzeko sistema eolikoen eta eguzki energiaren %54 hiru enpresak kontrolatzen dute jadanik: Iberdrolak, Endesak eta Naturgyk.
Baina posible dugu egoera hori aldatzea. Independentzia energetikorantz joan nahi baldin badugu herrialde bezala eta baita komunitate eta familia bezala, lehen urratsa energia komertzializatzaile enpresa aldatzea litzateke, eta geuk nahi duguna aukeratu.
Energiaren munduan lau fase edo aktibitate nagusi daude: lehena, energia sortu; bigarrena, energia hori garraiatu sare nagusian; hirugarrena, energia banatu – kontsumo puntuetara eraman kableen bidez–; eta laugarrena, energia komertzializatu –saldu eta fakturatu etxeetara edo enpresetara–.
Energia merkatzeko soluzioa lau aktibitateak oso banatuta egotea litzateke, konpetentzia sortuz enpresen artean, edota Estatuak bereganatzea energiaren produkzioa eta banaketa. Estatuek, politika neoliberalengatik, oinarrizko aktibitateen nazionalizazioak utzi zituzten eta pribatizazioak onartu zituzten duela urte asko. Eta, bestalde, herritarrentzat eta enpresa txikientzat ez da izan erraza energiaren sektorean sartzea, orain arte inbertsio handiak eskatzen zituelako. Baina orain, posible da energia berriztagarriak maila txikian sortzea eta banatzea – batez ere, eguzki-panelekin sortua–.
Bakoitzak bere etxean energia sortu lezake eguzki panelekin, baina, elkartuta errazagoa denez proiektu handiagoak egitea, duela urte bat, 2020ko abenduan, Ekiola Energia Sustapenak sortu zen Euskal Herrian, Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon taldeko Krean kooperatibaren artean –lehen, LKS zen–. Herri edo eskualde askotan sortzen ari dira Ekiola kooperatibak eguzki energia parkeak sortzeko 400-600 etxebizitza bazkiderentzako. Familia hauek kooperatibaren parte eta jabe izango dira eta autokontsumoa eta burujabetza energetikoa bultzatuko da. Plaka fotovoltaikoen baratzeak sortuko dituzte eguzkiaren indarra baliatuta. Zero kilometroko energia kontzeptua abian jarriko da eta energiaren demokratizazioa eta biztanleen ahalduntzea bideratuko da.
Gure eskualdean ere, Leintz bailaran, duela aste pare bat aurkeztu zen Ekiola Leintz Bailara kooperatiba, Garaia Parke Teknologikoan sortuko den eguzki-panelen baratzea, eta Gipuzkoako udal asko ari dira kooperatiba berde hauek sortzen autokontsumorako. Udal guztien laguntza eta babesa izango dute, eta Debagoiena 2030 proiektuaren barruan kokatzen da egitasmo hau.
Europar Batasuneko politika energetikoarekin bat dator kooperatiba berde hauen energia sorkuntza, eta 2030erako %32 energia sistema berriztagarrien bidez sortzea da helburua.
Baina parke horiek funtzionatzen hasten diren bitartean eta kontuan izanda 400-600 etxebizitzarentzako bakarrik izango dela energia berriztagarri hori, guztiontzako beste soluzio partzial batez ere hitz egin nahi nuke komertzializazioaren aktibitatean. Betiko enpresa erraldoien bezeroak izan gabe badago beste kooperatiba bat une honetan, 15.000 bazkidez osatuta, Euskal Herrian: Goiener kooperatiba.
Goiener duela bederatzi urte sortu zen, Goierrin, baina Euskal Herrira zabaltzeko asmoarekin, eta energia berriztagarria komertzializatzera dedikatzen da. Energia erosten die sortzaileei eta ziurtatzen saiatzen da %100 berriztagarria dela. Kooperatiba da eta langileak lan bazkideak dira; irabazirik gabeko enpresa denez, prezio oso onak ditu beste enpresekin konparatuz. Etxebizitza partikularrak, enpresak –handi batzuk ere bai–, udalak eta eskola asko dira bazkide.
Europa osoan daude mota honetako kooperatiba berdeak edo berriztagarriak, 3.000tik gora; batez ere, Danimarkan, Alemanian, Herbehereetan, Belgikan eta Austrian, eta Espainiako Estatuan gehitzen ari dira. Katalunian ere hasi ziren, eta ezagunena SOM Energia da, 60.000 bazkidez osatuta.
Zergatik dauzkate prezio hobeak kooperatiba berdeek eta Goienerrek? Barne gestio hobea dutelako, txikiagoak izanik; irabaziak berrinbertitzen dituztelako, eta ez banatu akziodunen artean; eta energiaren erosketa estrategikoekin dirua aurrezten dutelako.