Mundua atzerantz doa

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2021ko ira. 12a, 00:00

Azken urteetan munduan atzerakada handiak ematen ari gara. Eta gauza naturalagatik izango balitz, bada zer egin? Baina pertsonen arteko iskanbilengatik da eta errua geurea bakarrik da. Hona hemen atzerakadaren arazo nagusiak.

COVID-19a dela-eta gizarte osoa dabil noraezean, ezin gaindituz behingoz birus honen eragina, eta pandemiak eragiten dituen konfinamenduak gero eta trauma gehiago sortzen ari dira jende askorengan. Harremanak gutxitu eta hoztu egin dira azken urtean eta askorentzat buelta ezina izango da aurreko gizarte harremanetara. Mesfidantzak sortu dira jendearen artean, kutsatzearen beldurrez, eta psikologoen lana gero eta handiagoa beharko da. Kulturaren esparru asko krisi sakonean geldituko dira, hala nola koral talde musikalak eta dantza talde asko desagertu egingo dira, eta berdin antzerki talde eta musika taldeak. Birus hau ez dugu garaiz gelditu, interes ekonomikoengatik, Indiara, Afrikara eta Brasilera eta herrialde askotara txertoak zabalduz hainbat arinen, eta orain, birus aldaera berriak han eta hemen dabiltza, kontrolatu ezinik. Birusaren bariante berriek arazo eta gaixotasun berriak ekarriko dituzte eta txerto desberdinak asmatu beharko dira. Osasun borroka ez dugu oraindik irabazi.

Talibanek Afganistanen gerra zibila irabazteak emakumeentzat eta demokraziarentzat atzerakada handia dakar. Emakumeek ezingo dute ikasi eta kalera irten bakarrik, neskatxoen ezkontzak eguneratu egingo dira, Gobernu atzerakoia izango da eta bizitzaren ziurgabetasuna handitu egingo da, gosea handitu, eta abar. Jadanik gose arazo handiak dituzte eta krisi humanitarioa konpondu ezinekoa izango da hurrengo hamarkadan. Jende gehienak alde egin nahi du Afganistandik, baina ezinezkoa dute, irteteko muga guztiak itxita dituztelako. Eta erlijio fanatismoak mundu osoan arazo handiagoak ekarriko ditu guztiondako.

Afrikan Nigeriako BokoHaram erakunde islamiarrak nesken aurkako erasoak eta bahiketak hasi zituen 2014an, 276 neska gazte bahituz eskola batetik, eta, geroztik, milaka neska bahitu ditu eskoletatik, sexu harremanetara behartuz soldaduak asetzeko. Sortu duten beldurrarekin nesken eskolak ixten ari dira, eta hezkuntza ukatzen ari zaie. Familiek ez dituzte neskak eskolara bidali nahi, bahitzeko beldur dira eta. XXI. mendean, ez sinestekoa da herrialde hartan sortzen ari den gizartea. Baina nolako pertsonak dira ez dutenak errespetatzen besteen bizitza duintasuna?

Kolonbian Gobernuak eta FARC erakunde armatuak bake prozesua izenpetu zuten eragile eta epaile internazionalek onartuta, baina paramilitarrek, aberatsek ordainduta, herriko ehunka lider erailtzen dituzte, eta bakea kolokan jarri. Egoera oso arriskutsua bizitzen ari dira Kolonbiako eskualde batzuetan, eta bakerik nahi ez duten batzuk gerrara itzultzeko ahaleginak egiten ari dira, ez dituztelako aurreko abantailak galdu nahi.

Eta gure Europa kontinente zaharrean eta guregandik hurbil eskuin muturra indarra hartzen ari da; demostratzen ari dira oraindik ez garela atera frankismotik eta faxismotik eta kultura hori aldatzeko beste pare bat belaunaldi pasatu beharko direla. Hegoaldeko etorkinak ez ditugu hartu nahi, baina, era berean, Europa zahartzen ari da eta gazteen eskulana behar dugu. Gai honetan ere pertsonen balioak atzean uzten ditugu eta aspektu ekonomikoak lehenesten ditugu. Europa zaharra balio humanitario gabe dago une honetan eta gazteengan jarri beharko dugu gure itxaropena.

Kataluniaren burujabetasunaren aurkako politikek eta katalanhizkuntzaren aurkako kultura bortxatzaileek kristoren mina egiten diete katalanei. Hizkuntza atzerakada jasotzen ari da azken bost urteetan eta giro okerra dago. Espainol abertzaleek eta gaztelaniazaleek katalan-hizkuntzaren aurkako gerra hasi dute eta katalana atzeraka doa, salto handia emanez. Prestigioa galtzen ari dela esaten dute hizkuntz ikerketek, eta katalana egoera larrian jartzen ari dela diote. Desakreditatzen ari dira katalan-hiztunak. Alderdi politiko espainol guztiak katalana deskreditatzen dabiltza, eta lortzen ari dira Estatuko komunikazio medio handien laguntzarekin.

Baina hizkuntza minorizatuen arazoa ez da katalanena bakarrik. Denbora gutxi pasatuko da Euskal Herrira ere uholde hau heltzeko. Nafarroan hasita daude arazoekin. Eta berdin Iparraldean, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak legedia aldatu duelako, eta eskola publikoetan euskara, katalana eta bretoia debekatu. Euskaldun guztiok prestatu egin beharko dugu familia artean, lagun artean, kalean eta gizartean euskarari prestigioa ematen eta euskararen militantismora itzuliz. Bestela, gureak egin du. Baina, baikorrak izanda, geurea gorde behar dugu, animoak mantenduz, eta denon artean lortuko dugu irautea eta hobetzea, euskara gure altxorrik onena dugulako: beti aurrera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak