Madrilgo eta Eskoziako hauteskundeak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2021ko mai. 23a, 00:00

Isabel Diaz Ayusok Madrilgo Erkidegoko hauteskundeak irabazi ditu. Normalean, esango genuke Alderdi Popularrak (PP) irabazi dituela, baina Diaz Ayuso izan da arrakastaren oinarria. Egoera oso politizatuan gertatu dira; ikusi besterik ez dago %12 igo dela parte-hartzea aurrekoekin konparatuz; oraingoan, %76koa izan da, hauteskunde orokorretan bezala. Normalean, erkidegoetako hauteskundeetan parte-hartzea askoz txikiagoa izaten da.

Bipolarizazioa gertatu da: alde batetik, Diaz Ayuso; eta bestetik, gainerakoak. Baina zeintzuk dira Diaz Ayusoren arrakastaren arrazoiak eta PP alderdiak %125eko igoera izanarenak?

Diaz Ayuso anderea Donald Trumpen antzekoa da. Populistak eta edozer esateko eta egiteko gai direnak, lotsarik gabe, gezurra izan edo erdi egia izan. Horren guztiaren adibidea "comunismo o libertad" esaldia da, eta Madril munduaren erdigunea dela. Eta konbikzio osoarekin hitz egiten duenez, jendeak sinetsi egin dio. Jendea nekatuta dago COVID-19 pandemiarekin, eta erraza da gaitz guztien errua beste gobernu bati botatzea eta beraiek linboan mantentzea, zikindu gabe. Jendeak egoera aspergarri honetatik irten nahi du, askatasunean bizi eta loturarik ez izan. Gabilondo eta PSOE serioegiak dira eta ez dute ilusiorik sortu, ez dute lortu jendea motibatzea.

Era berean, Sanchezen Gobernuak ez du jakin izan jendea lasaitzen eta pandemia gestionatzen; informazio kontrajarria eman du, sarritan. Beraz, normala da PSOEk aurreko botoen erdiak galtzea.

Bestalde, Ciudadanos alderdia ia desagertu egin da eta aurrekoan lortutako botoak PPra pasatu dira oraingoan.

Baina gutxik adierazi duten beste gauza bat ere gertatu da: ezkerreko alderdiak sakabanaturik aurkeztu dira eta hiru alderdiren artean banatu dira botoak. Alderdi Sozialista, alde batetik; Mas Madridek %29 boto gehiago hartu ditu; eta Unidas Podemosek %44 boto gehiago, aurreko hauteskundeekin konparatuz.

Eta espektro politiko osoa bukatzeko, Abascalen alderdi ultraeskuindarrak %15 boto gehiago lortu ditu.

Guztiari begiratuta, Madrilgo Erkidegoa eskuinerantz gehiago mugitu da eta zentralismoak indar handiagoa hartu du. Madril-zale politikoak indar txute ederra hartu du, eta, lehen zentralistak baziren, orain, zentralistago.

Egoera politiko hau Espainiako Estatu osora zabalduko da? Espainia osoko aldaketa politikoa dator? Eta Euskal Herrian ere eragina izango du? Galdera potoloak eta ardura soziala sortzen dutenak. Espainian, beharbada, hurrengo hauteskundeetan PPk irabaziko du, baina hemen zaila izango du gehitzea. Euskal Herria diferentea da.

Guk eskoziarrekin zerikusi handiagoa daukagu espainolekin baino.

Maiatzaren 6an, Eskoziako Parlamenturako botazioa izan zuten, eta independentzia-zaleek irabazi zuten. Erresuma Batuko brexit-aren aurkako jendea europar sentitzen da, eta horrek jendearen independentzia nahia handitzen du. SNP nazionalistek eta Berdeak alderdiak gehiengoa daukate, eta biak daude independentzia-erreferenduma egitearen alde. 2014an egin zen erreferenduma, eta %5agatik ez zuen irabazi independentziak. Orduan ez zen egon brexit-aren eztabaidarik Erresuma Batua Europatik irteteko. Baina zazpi urte hauetan abertzaletasuna gorantz joan da eta Europan mantentzearen nahia igo egin da Eskozian, eta horrek Parlamentua are gehiago aldatu du. Alderdi nazionalistaren programan argi eta garbi azaldu da erreferendumaren beharra, eta, nolabait, derrigortuta dago aplikatzera. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak dio COVID-19aren krisia bukatzen denean erreferenduma deituko dutela.

Baina Erresuma Batuko Boris Johnson lehen ministroak esan du ez duela onartzen beste erreferendumik, arinkeria eta arduragabekeria izango litzatekeelako bizi izaten ari garen krisi garaian.

Interesgarrien da Sturgeon eskoziarrak eman dion erantzuna: "Ingeles kontserbadoreak blokeoa egiten saiatzen badira, esan nahiko du Erresuma Batuak utzi egin diola borondatezko nazioen elkarte izateari, eta hori arrazoi handia izango litzatekeela independentziaren alde".

Ingelesen kultura eta mendeetako historia demokratikoa –Espainiak ez dauka historia demokratiko luzerik– balantzan jarriko da datozen urteetan Eskoziak erreferenduma egin nahi badu.

Garbi dagoena da Eskoziarekin gertatuko dena oso garrantzitsua izango dela Euskal Herriarentzat eta Europako herrialdeentzat ere. Ea laster ikusteko aukera daukagun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak