Lehenik, ertzainak; gero, irakasleak

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2021ko mar. 7a, 00:00

Ertzainak edo poliziak garrantzitsuagoak dira Gobernuarentzat hezkuntzako langileak baino. COVID-19aren aurkako txertoa lehenago jarri diete poliziei hezkuntzako langileei baino. Horrela goaz zulorantz herri bezala.

Zertan ematen duzun zure denbora edota zertara dedikatzen duzun diru gehien, galdera horiek entzutean ikusten da zure balio nagusiak edo garrantzitsuenak zeintzuk diren.

Lan munduan beti esan da gauza bat dela idatzita dauden balio teorikoak eta beste gauza bat, garrantzitsuagoa, zertara dedikatzen diren denbora eta diruak praktikan. Ez dela berdina esaten dena eta egiten duzuna. Azken honek demostratzen ditu benetako balioak. Eta ez badira bat etortzen esanak eta eginak zaila dela lidergoa edukitzea eta jendeak zugan sinestea.

Irakasle eta maisu-andereño gehienak hiru-lau gelatik pasatzen dira egunero, eta bakoitzean 25 ikasle baino gehiago dira. Gainera, toki itxi batean daude. Poliziak, berriz, kalean, hau da, toki irekian, ari dira, normalean, eta kutsatzeko arrisku gutxiago daukate, musukoak kalean asko laguntzen duelako. Musukoa ondo erabiltzen badute eta distantzia soziala gordetzen badute, ia ezinezkoa da poliziak kutsatzea kaleko jendearekin. Arrisku handiena Ertzaintza barruan daudenean daukate, edota lankideekin kutsatzea. Baina ez kaleko lanean. Pandemia honen hasieran polizia asko kutsatu zen –500 bat, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera–, ez genekielako nola zaindu eta musukorik ez genuelako erabiltzen, ez beraiek ez kaletarrok. Baina gaur egun zailagoa da polizia bat kutsatzea lanean, osasun protokoloak jarraituz gero.

Eta Gobernuak zergatik jarri ditu poliziak irakasleen aurretik txertatzeko? Bada, talde edo gremio bezala indar gehiago daukatelako irakasleek baino, ala gure agintarien balioak pikutan daudelako eta hezkuntza ez delako hain garrantzizkoa beraientzako? Bigarren hau da, ziur asko.

Ez goaz ondo. Hezkuntza, osasuna eta etxebizitza duina dira herri baten ongizaterako zutabeak, eta, nire iritziz, hiruretan goaz atzerantz. Hemen gero eta gutxiago inbertitzen da hezkuntzan, eta Europatik urruntzen goaz. Angela Merkel agintariaren bi esaldi polit daude hezkuntzaz: galdetu ziotenean zergatik inbertitzen zuen hainbeste hezkuntzan, erantzuna izan zen ezjakinak –ignoranteak– asko kostatzen zitzaielako. Eta bestea, medikuek, epaileek eta ingeniariek eskatu ziotenean irakasleen eta hezitzaileen soldata berak jasotzea, bere erantzun argi eta garbia izan zen ea nola berdinduko zien beraien hezitzaileen eta prestatzaileen soldatekin. Beraz, soldata handiena hezitzaileek, eta gero, ikasleek.

Osasungintzaz zer esan? Argi ikusten dugu nola okertu den azken urteetan eta COVID-19 pandemiarekin garbi gelditzen da banana errepublika baten antzerakoan bizi garela. Eta polizien txertaketaren arazo hau puntu bat besterik ez da.

Etxebizitzaren zutabeaz, gauza berak. Ez daukagu etxebizitza politika sozialik. Familia edo gazte bakoitza salbatu dadila ahal duen moduan. Herrialde eskandinaviarretarantz begiratzen dugu, baina begiratu bakarrik, ez baitiegu ezertan jarraitzen. 1948an, Nazio Batuen Erakundeak 25. artikuluan adierazi zuen etxebizitza eskubidea daukagula guztiok. Baina hori lortzeko, politika publikoak horretarantz bideratu behar dira. Eta gure agintariek ezer gutxi egiten dute inbertsioak etxe publikoetarako bideratzeko, etxebizitza sozialak egiteko eta alokairu prezioak mugatzeko.

Europako herrialde eta hiri askok eta Ameriketako Estatu Batuetako hiri batzuek alokairu topeak jarrita dituzte. Baina hau partxe bat da. Etxebizitza sozial askoz gehiago egiteko politikak jarri behar dira; udalek, diputazioek eta Gobernuak etxebizitza publikoak egin eta erosi egin behar dituzte, eta alokairu baxuetan eskaini gazteei eta herritarrei.

Baina txertaketan poliziak lehentasuna izatea hezkuntzako langileen aurretik eta 80 urte baino gehiago daukatenen aurretik... benetan pentsatzekoa da. XXI. mende berri honetan, filosofo eta alderdi politiko gehienek esan eta idazten dute pertsona dela oinarria eta ezagutzaren zabalkundeak gizarte hobea lortzen lagunduko duela, baina badirudi oraindik urruti gaudela mundu hobe posible horretatik.

Azken urtean pentsatzen ari ginen COVID-19 gaixotasunaren aurkako txertoa iristerakoan, urte baten edo, gehienez, urte pare baten mundu guztiko bazter guztietara helduko zela. Baina txertoak mugatuak dira gaur egun eta badirudi urte batzuetan mugatuak izaten jarraituko dutela. Hementxe berton ere zail ikusten da herritar guztiengana heltzea, dauden interes komertzialengatik eta talde desberdinengatik, eta Afrikako eta Hego Amerikako herritxo guztietara txertoa heltzea zail ikusten da; gutxienez, hiru edo lau urte pasatu beharko dira.

Interes komertzialak eta politikoak alde batera uzteko garaia da, eta pandemia honi nola erantzuten diogun, horrek mundu osoan erakutsiko digu nolako balioak ditugun eta zer baloratzen dugun gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak