Zoriondu egin behar zaio. Beste lau herrietan EH Bilduk mantendu egingo du alkatetza gehiengoa lortu duelako. Hala ere, botoetan jaitsi egin da guztietan. Egoera politiko koloretsuagoa daukagu, beraz. Mankomunitatean aldaketa etor daiteke botoei begiratuz.
Gure eskualdean, laburbilduz, hau gertatu da: EAJk irabazi du eta asko igo du, EH Bilduk botoak galdu ditu eta lau udaletan nagusitasuna galdu du, PSE-EE ere beherantz joan da, PP desagertu egin da udaletatik, eta Irabazik nahiko igo du eta emaitza onak atera ditu. Era berean, erakunde berri bat jarri da Arrasateko Udalean, Baleike Podemos Espainol Estatukoaren kordelekoa.
Gipuzkoa osoan antzerako datuak agertu dira eta EAJ garaile irten da. Gure Diputazioetan ere antzeko emaitzak lortu dira eta Nafarroan iraultza politikoa etor daiteke, aukera asko baitago UPNri lehendakaritza kentzeko Geroa Bairen alde, EH Bilduren, Podemosen eta Ezker Anitzaren botoak batuz.
Baina nahiz eta boto gehien atera alderdi batek, horrek ez du esan nahi berak hartu behar duenik boterea. Eta hori gertatzen da sarritan eta gertatuko da diputazio eta udalbatza batzuetan; Madrilen, adibidez.
Ekainaren 13an zer gertatuko den ikusteko dago alkateak aukeratzerakoan, EAJk irabazi dituen lau herrietan ez baitu gehiengorik, eta beste alderdien batuketak alkatetza eta boterea ken diezaieke. Beharbada, alkatetzetan ez da izango akordio berezirik, baina eguneroko erabakietan multzo desberdinak egiteko aukera ugaria izango dela aurreikusten dugu. Arrasaten, esaterako, PSE-EE sarritan giltza bihur daiteke EAJrekin batera botatuz beste ezkerrekoen aurka. Orokorrean, lau udal horietan aukera bi izan daitezke: EAJk bakarrik gobernatu eta puntuz puntuko adostasunak lortu alderdiren batekin, edota programa osoarekin negoziatu hasieratik eta ordezkaritza batzuk eman lagunkide izango duen alderdi horri. Badirudi lehen aukera izango dela, baina lau urte interesgarri izango ditugu aurrerantzean. Herriak irabaz dezala.