"Krisi soziala"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Lezamiz 2012ko ots. 10a, 01:00

Urtarrilean izandako Davos-eko Foro ekonomikorako...

... txosten asko egiten dituzte, eta bat nahiko berezia da: 2012 Arrisku globalak. Lan honetan, gobernuetako, industriako, unibertsitateetako eta gizarte sozialeko 469 adituri galdetzen diete ea zeintzuk diren krisi ekonomikoak sor ditzakeen arrisku nagusiak, eta orain arte beti aipatu izan dituzte hauek: luzaroko desoreka fiskalak, berotegi efektuko gasen kutsadura, munduaren gobernantzaren akatsak, demografiaren handitze jasan ezina eta teknologien ahultasuna.

Baina lehen aldiz aipatzen dute ekonomiak sortutako errebolta sozialak izan daitezkeela arriskutsuenak. Arabiar udaberriak, Atenasen eta Londresen izandako kale istilu basatiek, Espainiako M-15ek eta Parisko eta New Yorkeko manifestazioek zer pentsa ematen diete munduko agintariei.

Davoseko Foroan zioten luzaroko desoreka fiskalak eta familien diru sarrera desberdintasunak istilu sortzaile nagusiak direla. Garbi izan behar dugula gure seme-alabak eta ilobak ez direla gu bezain ondo biziko, batez ere herri industrializatuetan. Krisia  gazteak gogor jotzen ari dela, etorkizunik gabe utziz, eta jubilatu askok ezin izango duela bizirik iraun Estatu zorpetuak ematen dion pentsioarekin. Aberatsen eta txiroen arteko desberdintasuna handitzeak ere istiluak sor ditzakeela.

Txostenak distopia kontzeptua ere aipatzen du; hau da, utopiaren aurkako egoera batera goazela, zailtasun eta itxaropenik gabeko gizarte baterantz. Eta horrek ezegonkortasuna sortuko duela.

Era berean, Porto Alegreko Munduko Foro Soziala eratu zen, Davoseko Foroari aurre egiteko beste mundu bat posible dela oihukatuz eta neo-liberalismoaren aurkako gaiak jorratuz. Eta Brasilek beste bide berri bat hartuko du: orain arteko teoria zen ekonomiak hazi egin behar zuela txiroak laguntzeko, baina orain alderantziz egingo dutela, txiroak lagundu lehenengo, ondoren ekonomia hazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak