Menpekotasun itzela dugu; gizartearentzat ongizate handien sortzen duen sektorea da, eta hala izan da duela urte askotatik. Baina krisiak gogor jo du euskal industria, enpresa txiki eta ertainak eta besteak; multinazionalak ere bai.
Enpresok egoerara egokitzen saiatzen ari gara, baina oso lan zaila da: barne kulturak aldatu behar dira, pertsonen konpromisoa lortu, produktua berritu, lehiakortasuna hobetu, formatu, teknologia berriak sartu, saltzera irten, nazioartekotu, inbertitu, posizionamendu eta pentsaera berriak, geure burua berrasmatu, berritu. Hor ikusiko da nork duen herrialdearekiko benetako konpromisoa; ez dut dudarik gure enpresek badutela, eta ahal duten guztia egingo dutela hemen mantentzeko, lanpostuak eta aberastasuna sortuz.
Gizarte honek ere baditu bere zorrak ekintzaileak izan direnekiko; sakrifikatu, lan egin eta guztion ongizaterako aberastasuna sortu dutenekiko. Ez dut uste nahikoa aitorpen publiko egon denik horiekiko.
Orain, guztiz beharrezkoa da gure administrazioengandik lehentasunezko industria politika bat, publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana bilatuko duena; fiskalki eta sozialki enpresen aldeko politikak; inbertsiorako, formaziorako, nazioartekotzeko benetako laguntzak. Enpresen garapenerako inguru onuragarri bat sortuz; industria sektore propioak zainduz eta berriak sustatuz.
Herrialdearen ongizaterako, gure agintariek argi izan behar dute hori dela gastu sozial onena: gastu hutsa desagertu egiten da; hau, aldiz, itzuli egiten da.