Ahaztuak

Erabiltzailearen aurpegia Martin Jauregialtzo 2021ko uzt. 10a, 00:00

Pandemiaren hasieran, batek baino gehiagok pentsatu zuen tragedia honek kontratu sozial berria adosteko balioko zuela. Agian, normaltasuna deitzen genionera itzultzeko irrikaz geunden hura ez zela egokiena izango eta benetan sinetsi genuen ezinbestekoaren eta alferrikakoaren artean bereizteko gai izango ginela. Ziurgabetasun eta beldur garai hark utopia txiki eta gauzagarriak sortzeko atea zabalduko zigula amestu genuen, pairatutako katarsiak gizaki hobeak bihurtuko gintuela, baina, zoritxarrez, berriz ere errealitateak erakutsi digu oroimen hauskorreko izakiak garela.

Antza denez, batzuek dagoeneko erabaki dute –eta salbuespenak salbuespen– ahulenekiko elkartasuna eta elkarlana gizarte-ordena berrian ez direla elementu erakargarriak, ezinbestekoak. Aldiz, hutsalkeriak, azalkeria, Instagrameko lilura eta menpekotasun digitalak gizarte post-pandemikoan gailendu dira, korronte neo-darwinista berri bat olio orbana bezala hedatu da eta ahultasun zantzurik txikiena erakusten duenak ere bere burua zokoratua ikusiko du.

Ahaztuak, kasu honetan, adineko pertsonak dira; batez ere, egoitzetan bizi direnak. Gizatasunik gabeko sistema honetan, ahanztura bikoitza bizi behar izan dute: pandemiaren hastapenetan, erabat amortizatutako elementu gisa hiltzen utzi zitzaien, zama gogaikarria izango balira bezala; orain, berriro zigortzen dituzte. Une oro informatzen digute zaharren egoitzetan ia ez dagoela hildakorik, eta badirudi arazoa desagertu egin dela. Gure nagusiek pairatutako alboko kalteak, beldurrak, bakardadea, gaixotasun mentalak, hitzen oroimenaren galera ez dira titularretan azaltzen.

Sarri komentatu izan da bere historia ahazten duen herriak nekez eraikiko duela bere etorkizuna; era berean, bere nagusiez ahazten den herria bere historia suntsitzen ari da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak