'Gora teloia'

Erabiltzailearen aurpegia Martin Jauregialtzo 2021ko mar. 6a, 00:00

Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, argi-ilunak inoiz baino nabariagoak dira: COVID-19ak sortutako neke pandemikoak, trans-legearen polemikak eta manifestazioen inguruko eztabaidak herritarren konfiantza arrakalatu dute. Egoera bideratzeko, halabeharrez, gutako bakoitzak bere eragin eremuan lanari ekin beharko genioke, anabasaren aurrean irudimena eta elkarlana erakutsiz

Niri dagokidan arloan ere, hezkuntzan, badago zer hobetu; izan ere, hezkuntza oinarrizko zutabeetako bat da genero eredu kulturalen transmisioan. Fatima Mernissi marokoar ikertzaileak zioenez, gizaki bat dagoen edozein tokitan, emakumeen eskubideen aurka doan arautegi ikusezina aurkituko dugu; qu'ida izenarekin izendatzen zuen indar hau. Guk, irakasleok, gure eremuko qu'ida honen kontzientzia hartu beharko genuke, egunerokotasunean etengabe eragiteko eta benetako eraldaketa prozesua ahalbideratzeko, ikusezina dena bistaratuz.

Orain arte aipatutako guztiak eremu ilunak dira, baina badago itxaropen izpirik ere. Gaur, DBHko bigarren mailako ikasleek, Euskarako ikasgaian, Gora teloia proiektua aurkeztu didate; taldeka antzerkigintzaren ezaugarriak ikasi eta Euskal Herriko historian esanguratsuak izan diren emakumeen inguruko bakarrizketak sortu dituzte. Elkarlan-sare honetan, SETEM taldearen eta Olatz Pagalday antzerkigilearen laguntza jaso dute. Gela laborategi bihurtu da, eztabaidatzeko, antzezteko, sortzeko eta esperimentatzeko tokia. Hala, hurrengo egunetan, Iratiren, Yeralen, Maialenen, Iñigoren eta gainontzeko guztien ahotik, garai bateko Grazianaren, Casildaren, Eulaliaren, Mauriziaren eta beste batzuen testigantzak jasoko ditugu. Antzerkiaren magiaren bitartez, ahaztutako zein ahantzarazitako emakume hauen aldarria zabalduko dugu Oñatiko kale, kantoi eta auzoetan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak