Monument Valley zapaldu nuenean, bertako harri birrinduek nire haurtzarora eraman ninduten eta John Ford-en Diligentzia edota Fort Apache pelikulen aktorea nintzela sentitu nuen, izugarria!
Zoritxarrez, giza pasaiak ez du edertasun hori erakusten. Izan ere, Estatu Batuetan, jatorrizko herriek bizi duten egoera tamalgarria da: alkoholismoa, langabezia, emakumeekiko tratu txarrak, gaixotasun kronikoak; hau guztia, akulturazio prozesu basati eta suntsitzaile baten ondorioz. Euskaldunok betidanik indiarrekiko elkartasun sentimendua izan dugu, agian, guri sarritan gertatu zaigun moduan, galtzaile suertatu direlako edo naturarekin bat egin dutelako.
Monument Valleyn kokatzen den navajoen museora zuzendu nintzenean, harriduraz ohartu nintzen herri honek pairatu duen zapalkuntzari buruz ez zegoela ia informaziorik. Folklorea eta "indiar onaren" irudiaren aldarrikapena besterik ez nuen aurkitu (II. Mundu Gerran navajoen hizkuntza erabili zela japoniarren aurka, edota navajo bat Estatu Batuetako Kongresura heldu zela). Aldiz, ez nuen inon irakurri Estatu Batuek ez dutela sinatu ONUk jatorrizko herrialdeen inguruan aurkeztutako lege proposamena edo Mayflower itsasontzia lurralde hauetara heldu zenetik zuriek eragindako sarraskien inguruko berririk.
Une hartan, oroimen historikoaren garrantziaz jabetu nintzen berriro, gatazka baten inguruan egia osoa ezagutzeko eskubideaz. Kanpora irten eta basamortuan, eguzkipean, nire oroimena matxinatu zen, zaldi gainera jauzi eta Hopi, Siux, Komantxe, Mescalero, Cheyenneen… atzetik, trostan zihoan bitartean, Navajo herria inoiz baino gertuago sentitu nuen.